Atzo (ekainak 16) jokatu ziren Mekatar-Iriondo xake txapelketako estreinako edizioaren finalak, Iriondo tabernan. Nagusien mailan Jose Luis Larrañagak eta Juan Manuel Navarrok jokatu zuten finala, eta, sailkapen fasean gertatu zen moduan, Larrañaga izan zen nagusi. Honenbestez, partidarik galdu gabe {partida bat berdindu zuen} irabazi du txapelketa Larrañagak.
Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida ere jokatu zen atzo, eta Mikel Leonek eskuratu zuen hirugarren postua, Oscar Diez Txiroli irabazita. Alabaina, Txirol bera izan da txapelketako ezustekorik handienetakoa, federatu gabeko jokalarien artean emaitzarik onena lortu du-eta. Mikel Leon finalerdietan ozta-ozta galtzetik zetorren, berdinketa hausteko partidan irabazi baitzion Juan Manuel Navarrok elkarren aurka jokatu zuten finalaurrekoa, baina partidaren hasieran lortu zuen abantailari eusten asmatu zuen Leonek.
Elgoibar Xake Taldeak herritarrei xakea hurbiltzeko helburuarekin antolatu zuen I. Mekatar-Iriondo Xake Txapelketa, eta, joan den martxotik atzora arte 36 xakelarik hartu dute parte lehian.
∞Lotura duten albisteak: