Mur-mur horrek ahopean, xuxurlatuz, egiten diren aitorpenei egiten die erreferentzia, espetxetik irten berri diren sei pertsonaren esperientzia mingarriari. Katia Reinberg, Toñi Martinez, Oswaldo Rodriguez, Jose Maria Larrañaga, Juan Maria Tome eta Alejo Rolo elgoibartarra dira dokumentaleko protagonistak.
Juan Miguel Gutierrez zuzendariak dio Martuteneko kartzelako zine-klubarekin izandako bost urteko esperientziaren ostean sortu zitzaiola dokumentala egiteko gogoa. Horretarako, gizarteratzea lortu duten sei preso sozialen profilak aukeratu zituzten. Jatorri ezberdinekoak dira seirak, lapurreta delituengatik edo drogarekin lotutako delituengatik kartzelaratutakoak. Dokumentalean, batetik, sei pertsona horien istorioa kontatzen du Gutierrezek, eta bestetik, mundu horretatik irten ahal izateko eskua luzatu dieten pertsonen kontakizunak ere batu ditu, motxila astuna gainean hartuta kalera irteten diren pertsonei laguntzen saiatzen diren boluntarioena. Loiola Etxeko kideak dira horietako batzuk, Arrats elkartekoak beste batzuk, eta Salhaketakoak beste zenbait.
Preso sozialen ikusezintasuna salatzen du Gutierrezek dokumentalean, eta modu batean edo bestean, baita Euskal Herrian eraikitzen ari diren makroespetxeen atzean dauden interes ekonomikoak ere. Euskara eta gaztelania nahasten dira 80 minutu inguruko dokumental honetan.
•Zuzendariak aurkeztuko du filma
Ongarri Zine Klubak antolatzen duen zine klubaren barruan eskainiko dute filma gaur (ekainak 20), Elgoibarko Herriko Antzokian. 21:30ean hasiko da emanaldia, eta zuzendaria bera etorriko da filma aurkeztera.