Aitor Doradok jaso du IMHko ikasle ohi aipagarrienaren saria

elgoibarren.net 2013ko eka. 21a, 15:55

Amaitu da ikasturtea eta diploma banaketa ekitaldiarekin batera, IMH Sariak banatu dituzte gaur (ekainak 21). Aitor Dorado elgoibartarrak (ondoko argazkian) jaso du ikasle ohi aipagarrienaren saria. 2000-2002 urteetan Goi-mailako Fabrikazio Mekanikoko Diseinua ikasi zuen IMHn. Egun autonomoa da, eta DIC-Ingenieria enpresa sortu du.


 Aurtengo ikasle aipagarrienaren saria Jon Goenaga azpeitiarrak jaso du, fabrikazio alorreko saria Jon Ander Garagartza mutrikuarrari eman diote eta ikasle elgoibartar aipagarrienaren saria Edorta Martinezek jaso du. Ondorengo lerroetan duzue IMH Sarien 11. edizioan saritutako lagunei buruzko informazio osoagoa:
  • 2013ko ikasle ohi aipagarria: Aitor Dorado Zubizarreta (Elgoibar, 1982) aukeratu dute, egun Elgoibarko DIC-Ingenieria enpresako sortzaile eta gerentea da. Ikasle ohi aipagarriak IMHko eskultura korporatiboa jaso du aitortzaren seinale. Doradok, 2001-2002 urteetan IMHn ikasi zuen Diseinuko goi-mailako zikloa. Ikasten zegoen bitartean lanean jardun zuen aitaren diseinu-bulegoko negozioan. Ikasketak amaitzean Kokatun egin zituen praktikak eta ondoren Ingeniaritza teknikoa ikastea erabaki zuen. Diplomatu titulua eskuan zuela Guascorren aritu zen bi urtez lanean motore diesel eta gasezkoak martxan jartzeko ingeniari tekniko bezala. Baina aitaren adibideari jarraituz, 2008an autonomo bezala hastea erabaki zuen eta bere enpresa propioa sortzea. Dagoeneko bost urte daramatza DIC enpresaren buru, ingeniaritza soluzioak eskaintzen, neurriko makinak diseinatuz eta muntatuz.
  • 2013ko ikasle aipagarria: Jon Goenaga Egaña (Azpeitia, 1977), Fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioko goi-mailako heziketa zikloko ikaslea. 500 eurotako ikasketa poltsa jaso du saritzat.
  • Fabrikazio arloko ikasle aipagarria saria: Jon Ander Garagarza Lekubek (Mutriku, 1969),  jaso du saria. Fabrikazio mekanikoaren produkzioko programazioko goi-mailako heziketa zikloko ikaslea da. Saria kasu honetan ere 500 eurotako ikasketa poltsa izan da.
  • Elgoibarko ikasle aipagarriena: Edorta Martinez Etxaniz (Elgoibar, 1982), izan da saritua. Mantenu Elektromekanikoa erdi-mailako heziketa zikloko ikaslea da. Elgoibarko Udalaren plaka bat jaso du saritzat, eta, baita 2013an IMHk eskainiko dituen prestakuntza iraunkorreko ikastaro bereziak egiteko beka ere.
Aipamen berezia Iñaki Hernandezentzat
 Aipamen berezia egin diu aurten IMHk Euskoskills eta SpainSkills lehiaketetako azken edizioetan Tornu CNC probetan urrezko domina eskuratu duen Iñaki Hernandez Agirre ikasleari, “egin duen ahaleginagatik eta jasotako emaitzengatik”.

IMH Sarien 11. edizioko sarituak enpresa laguntzaile eta agintariekin.

Diploma jaso duten ikasle guztiak.

Edorta Martinez (ezk.), Elgoibarko ikasle aipagarriena.

Iñaki Hernandezek (esk.) aipamen berezia jaso zuen