Kalegoengo frontoiak hartuko ditu profesionalen arteko pilota partiduak San Bartolome Egunean

elgoibarren.net 2013ko eka. 21a, 16:13

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako frontoirik zaharrena da Kalegoengo frontoi zaharra {1751. urtean eraiki zuten}. Horrelako ondareari etekin handiagoa atera behar zaiola-eta, San Bartolome egunean jokatzen diren profesionalen arteko esku pilota partidak bertan jokatzea erabaki dute Udal agintariek. Ondoko erretratu zaharrean ikus daitekeen "irudia errepikatu eta sasoi hartako giroa berreskuratu nahi dugu, nolabait”, azaldu du Alfredo Etxeberria alkateak.



 “Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da egundaino aurkitu gurea baino frontoi zaharrago baten eraikuntzari buruzko idatzirik”, irakur daiteke Koldo Lizarraldek 2003an idatzi zuen Kalegoengo frontoi zaharra izeneko liburuan. 1751. urtean eraiki zuten frontoiak 262 urte daramatza leku berean, nahiz eta orain dela 150 urte, 1963. urtean, hain justu ere, hartu zuen gaur egun ezagutzen dugun itxura. “1963an, Gontzagako San Luis egunerako amaitu ziren berritze-lanak. Ezker-horma luzatu egin zuten, eta gaur egun ikus dezakegun moduan geratu zen. Horixe dio frontisaren gaineko plakak”, azaltzen du Lizarraldek frontoiari buruzko liburuan.
Enpresekin negoziazioetan
 Asegarce eta Aspe pilota enpresekin berba egin dutela azaldu du Alfredo Etxeberriak eta San Bartolome Egunean jokatu beharreko partidak Ikastolako frontoitik Kalegoeneko frontoi zaharrera lekuz aldatzeko ideia gustatu zaiela adierazi du alkateak. Alabaina, zenbait zehaztapen negoziatzekotan direla gaineratu du. Besteak beste, sarreren kontua argitu behar dute. Udalaren asmoa da 300 bat lagunentzako eserlekuak jartzea, eta horietan esertzeko sarrera ordaindu beharko da. Aldiz, partidak zutik ikusteko ez da ordaindu beharrik egongo. Halere, xehetasun guztiak lotu gabe daudela ohartarazi du. Partiduak jokatuko dituzten pilotari profesionalak enpresa batekoak ala bestekoak izango diren, esaterako, erabaki gabe dago artean. Jaialdi berean bi enpresetako pilotariak aritzeko aukera ere aztetzen dihardute.
Eguraldi iragarpenari adi
  Plazako frontoia estali gabea denez, eguraldiak baldintzatuko du pilota partidak bertan jokatu ahal izango diren ala ez. Egun batzuk lehenago eguraldi iragarpenei adi egongo direla azaldu dute agintariek, konfidantza baitute gaur egungo eguraldi iragarpenen fidagarritasunean. "Iragarpenei adi egongo gara eta hala jakingo dugu partidak frontoi batean edo bestean jokatu beharko diren", azaldu du Ricardo Garate Hirigintzako zinegotziak.
 Era berean, San Bartolome Eguna pasa arte ez dutela kioskorik jarriko plazan esan dute. San Bartolome Eguna zapatuan egokitu da aurten. Domekan, abuztuaren 25ean, Jubilatuen eta Umeen Eguna izango da eta astelehenean, abuztuaren 26an, ospatuko dugu Txiki Eguna.
 

1706637474306 Kalegoengo frontoiak hartuko ditu profesionalen arteko pilota partiduak San Bartolome

Lagunak txapelketako finaletako emaitzak
  Atzo amaitu zen, hain justu ere, Kalegoengo frontoian jokatu duten Lagunak pilota txapelketa. Benjamin mailako finalean,  Unai Sanchezek 18-17 irabazi zion Harkaitz Maiorari. Alebinetan, berriz, Danel Zubizarretak eta Julen Urruzolak neurtu zituzten indarrak, eta Urruzola izan zen nagusi, 18-11ko emaitzarekin. 
 

1706637474394 Kalegoengo frontoiak hartuko ditu profesionalen arteko pilota partiduak San Bartolome

1706637474494 Kalegoengo frontoiak hartuko ditu profesionalen arteko pilota partiduak San Bartolome