Patxi Garcia elgoibartarra aukeratu dute presidenteorde supergaituen Mensa erakundean

elgoibarren.net 2013ko eka. 24a, 19:15

 
Adimen koziente altua daukaten lagunak batzen ditu Mensa nazioarteko erakundeak. Horietako bat da Patxi Garcia, berriki Mensa Espainia erakundeko presidenteorde izendatu duten elgoibartarra. Erakundeak duen nazioarteko zuzendaritza batzordeko kide ere izango da aurrerantzean.




 Supergaitu edo talentu aparteko pertsonak batzen dituen nazioarteko elkarte handiena da Mensa. Roland Berrill abokatu australiarra eta Lancelot Ware legelari eta zientzialari ingelesaren eskutik sortu zen erakundea, 1946an, Ingalaterran. Gaur egun, bost kontinenteetako 110.000 bazkide baino gehiagok osatzen dute erakundea. Espainiako Mensa, berriz, 1984an sortu zuten eta 1.500dik gora bazkide dauzka.
Adimentsu izatearen lotsa
  Francisco Javier Garcia (Elgoibar, 1962) duela hamar urte sartu zen Mensan, baina orain arte isilean mantendu duela aitortu du. “Gertukoenek bakarrik zekiten Mensako kide nintzela. Anglosaxoien artean, Ameriketako Estatu Batuetan eta Ingalaterran, bereziki, erakunde aintzatetsia eta ezaguna da oso Mensa {mahaia, latinez}. Aldiz, gure inguruan lotsa handia dago Mensako kide garela aitortzeko. Hala, hirutik bik ez dute euren kidetza publiko egiten, tartean Mensako kide diren pertsona famatu askok”, azaldu du Mutrikun bizi den elgoibartarrak.
Hamabi urterekin lehen seinaleak
  Adimen koziente altua izan zezakeenaren "lehen zantzuak" hamabi urterekin bistaratu zirela dio Garciak. "Hala adierazten zuten ikastetxean egin zizkiguten zenbait frogetako emaitzek, baina ez nien aparteko garrantzirik eman", azaldu du. Urte batzuk beranduago, nazioarteko enpresa baterako lanean hasi zenean, zuzendari guztiei egin zizkieten froga batzuetan baieztatu zen eskola garaian eginiko froga haien emaitza. Orduan jaso zuen Mensan sartzeko eskaria. Izan ere, Mensak adimen frogak egiteko zilegitua dagoen psikologo batek igorritako ziurtagiria onesten du onartze froga moduan.
Presidentea eta presidenteordea gipuzkoarrak
  Espainiako Mensa erakundeko presidentea eta presidente ordea aukeratzeko hauteskundeak lau hilabetez luzatu direla jakinarazi du Garciak. Zerrenda irekien bidez egin diren hauteskundeetan 1.500 kideek hartu dute parte. Eta, boto gehien jaso duten zortzi kideak aukeratu dituzte zuzendaritza batzordea osatzeko. Gero, batzordeko kideek aukeratzen dituzte, sekretupeko boto bidez, presidentea eta presidente ordea. "Ezustean, zuzendaritza batzordean gauden bi gipuzkoarrak aukeratu gaituzte presidente eta presidente orde. Gipuzkoako Foru Aldundian lan egiten duen Elena Sanz aukeratu zuten presidente eta ni, berriz, presidente orde".
Mensako kide ospetsuenak
 Mensak baditu kide ospetsuak edo sarrerako probak gainditu dituztenak, hala nola: Stephen Hawking eta Isaac Asimov zientzialariak, Jean Auel (El clan del oso Cavernario liburuaren egilea), Quentin Tarantino zine zuzendaria, e.a. Munduko Guinnes errekorretan jasota dagoen adimen koziente altuenaren jabe den Marylin vos Savant estatubatuarra ere Mensako kidea da. Gertuago, Felix Ardanaz gipuzkoarraren kasua daukagu. 24 urteko piano-jole honek nazioarteko saririk prestigiosoenak irabazi ditu azken urteetan, eta, gainera, Bilboko Orkestra Sinfonikoa zuzendu du orain dela gutxi.

 Era berean, Los Simpson telesaileko ekoizleek atal oso bat eskaini zioten gai honi, Lisa Simpsonek Mensa erakundean sartzea lortu zuen atalean, hain justu ere.