400 euro, San Bartolome jaietan txaranga bat sortzeko

elgoibarren.net 2013ko eka. 25a, 15:41

San Bartolome festetan herriko koadrilen parte-hartzea sustatze aldera, txaranga talde txikiak sortzeko deialdia egin du Elgoibarko Udalak. Hasiera batean lehiaketa modura aurkeztu bazuten ere, ez dela txapelketa bat izango ohartarazi du Alfredo Etxeberriak, kaleetan jai giroa sortzeko asmoz sustatu nahi duten ekimena baizik. Hala, izena ematen duten taldeek, betiere eskatutako baldintzak betetzen badituzte, 400 euro jasoko dituzte trukean.



  “Mauxitxa txaranga bera ere horrela sortu zen”, gogora ekarri du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. “Lagun talde bat instrumentuekin irten ziren jaietan, eta horixe izan zen Mauxitxaren sorrera”, azaldu du. Ekimen honekin ez dute txaranga profesionalen parte hartzea bilatzen. Aitzitik, “herriko koadrilen parte-hartzea” da sustatu nahi dutena. Inazio Bereziartua musika eskolari esker elgoibartar askok dakitela instrumentu bat jotzen nabarmendu du Etxeberriak. “Horiek guztientzat aukera ezin hobea da musika eskolan jaso dituzten ezagutzak jendaurrean erakusteko”, esan du.
Baldintzak eta betebeharrak
 Kaleak girotzeko zazpi edo zortzi talde nahikoa izango direla uste du alkateak. Horiek betebehar batzuk izango dituzte: egun eta ordu jakin batzuetan irten beharko dira kalera eta kalejiran egingo duten ibilbidea ere Udalak zehaztuko du. Lehiaketan izena emateko 16 urtez gorakoa izatea da beste baldintzetako bat. Era berean, txaranga bakoitza gutxienez zortzi kidek osatu beharko dute, eta lau musika tresna ezberdin jo beharko dituzte txarangakideek. Talde bakoitzak 400 euro jasoko ditu. Udaleko Kultura Sailean eman daiteke izena (943 742 158).