Mendaroko Gizon Proba Taldearen erakustaldiak ikusmina piztu zuen, beste behin ere, Mendaron. Iazko Kontzezio Azoka jaien barruan egin zuten erakustaldian lortutako marka {51 plaza} ondu nahi zuten, eta, bide batez, Gipuzkoako taldekako giza-proba txapelketa prestatu, ekainaren 29an baitute lehen saioa Orion. Gizonen aurretik, baina, emakumeak irten ziren plazara.
Hiru gizonen laguntzarekin osatu zuten zortzikoa bost emakumeek, tartean Mendaroko akate Sonia Garciak. 800 kiloko harriarekin bost minutuko erakustaldia eskaini zuten. Ondo moldatu ziren eta zazpi plaza osatu zituzten. Izatez, 500 kilo inguruko harriak erabiltzen dituzte emakumeek giza proba txapelketetan, baina horrelako harririk lortu ez dutela-eta, gizonen harriarekin jardun ziren. Harri txikiago bat eskatua dutela jakinarazi dute, euren asmoa giza probetan aritzeko emakume taldea osatzea baita. Harriari tira egiteko prest dauden zortziko taldea osatzeko moduan daudela gaineratu dute.
Emakumeen erakustaldiaren ostean, Mendaroko Gizon Proba Taldeko kideak irten ziren plazara. 49 plaza egin zituzten, iazko Kontzezio Azoka egunean baino bi plaza gutxiago. Gizonek lanak amaitu zituztenean berriz irten ziren emakumeak. Bigarren saiakeran lehenengoan eginiko lana ondu zuten eta bederatzi plaza osatu zituzten.
•ARGAZKIAK:
{mosimage} |