Aitor Arrietak irabazi du Balcon de Bizkaia rallya, bere mailan

elgoibarren.net 2013ko eka. 26a, 15:44

Euskal Herriko Rally Txapelketari hasiera eman zion Balcon de Bizkaia lasterketak, joan den zapatuan, Durangon. Autoentzako rally gogorra izan zen eta irten ziren 53 autoetatik 24k lortu zuten bost sektoreak bukatzea. Horietako bat izan zen Aitor Arrieta gidari elgoibartarrak eta Alaitz Urkiola kopilotuak gidatutako Renault Clioa. Arrietak eta Urkiolak sailkapen nagusiko laugarren postua eskuratu zuten eta lehen postua euren mailan, bigarren klasean. 


 Bizkaiko Balkoiko V. rallyan 53 autok hartu zuten parte joan den zapatuan (ekainak 22). Honako hauek izan ziren irabazleak: 6. Klasean Iban Tarsicio eta Iñigo Peña nagusitu ziren; 5. Klasean Fernando Anton eta Anartz Onaindia; 4. Klasean Jorge Rodriguez eta Asier Arrillaga; 3. Klasean Xabier Lujua eta Jesus Estrada; 2. Klasean Aitor Arrieta eta Alaitz Urkiola; Lehen Klasean Felix Martikorena eta Ion Ugaldebere. Formula Librean Esteban Ibarrola eta Egoitz Odriozola izan ziren irabazleak.

I. Goierriko rallysprintean.

Durangokoa Euskal Herriko Rally Txapelketarako lehen proba puntuagarria izan zen. Txapelketa honetaz gain, EHko Rallysprint txapelketan ere parte hartzen ari da Aitor Arrieta gidari elgoibartarra. Joan den ekainaren 1ean, esaterako, estreinako Goierri-San Benito ralysprint-ean hartu zuen parte, Gorka Aginaga kopilotu markinarrarekin batera. Parte hartu zuten 57 autoek 16 kilometroko ibilbidea osatu zuten Lazkao, Zaldibia, Larraitz eta Gaintza artean. Arrietak eta Aginagak seigarren postua eskuratu zuten sailkapen nagusian eta euren mailako onenak izan ziren, beste behin ere.
 Arrietak Oioneko rallyan hartuko du parte abuztuaren 3an.