Barixaku eta zapatu iluntzetan izango dira saioak, eta emanaldi egunean euria egiten duen egunetan, proiekzioak atzeratu egingo dituzte. Hala, barixakuetako filma domekara pasatuko dute euria egiten duenean, eta zapatukoa, astelehenera edo hurengo egunera. Pelikula guztiak 22:30ean hasiko dira.
Film bat 16 urtetik gorakoentzako egokia izango dela zehaztu dute Udaleko Kultura Saileko arduradunek, Amaia Txurruka zinegotziak eta Blanca Salegi teknikariak (goiko argazkian). Almodovarren Los Amantes Pasajeros filma, hain justu ere. Lo Imposible eta El Gran Gatsby, berriz, 12 urtetik gorakoentzat dira egokiak. Gainerakoak denontzat modukoak edo 7 urtetik gorakoentzako egokiak dira. Euskarazko zine produkzioari ere egin diote tartea programatzaileek, eta, hala, Bypass filma euskaraz emango dute uztailaren 13an.
Kalegoen plazan 600 bat lagunentzako lekua izango dute zine zaleek. 1991. urte inguruan hasi ziren Aire Libreko Zine emanaldiak plazan, doan, eskaintzen.