Sexu aukeretarako askatasuna aldarrikatu du Elgoibarko Emakumeen Asanbladak

elgoibarren.net 2013ko eka. 28a, 11:51

 
Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez {ekainaren 28an ospatzen da}, sexu aukeraketarako askatasuna aldarrikatu nahi du herritarren aurrean Elgoibarko Emakumeen Asanbladak. “Sexu aukeretarako askatasunerako eskubidea, beharra eta gogoa dugula aldarrikatu nahi dugu”, adierazi dute emakumeen asanbladako kideek prentsa ohar bidez.




  Sistema kapitalista patriarkalak “lerratu eta armairuan ezkutatzen” dituela salatu du Elgoibarko Emakumeen Asanbladak gaur, Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Zabaldu duten idatzian. “Gure gorputzak, nahiak eta gogoak" ezagutzeko edozein gogo anikilatzen duela sistema kapitalista patriarkalak, diote. Hona hemen idatzia osorik (PDF):
  “Txikitan ezartzen zaizkigun rolak, inguruak gugandik espero duen hori guztia, eliza kristau katolikoak eta antzerako erregimen atzerakoiek gure gizartean duten eraginak eta botereak, eskola ereduak, familia eredu bakar heteronormatiboak eta kakapila horrek guztiak begiak eta hankak itxi dizkigu urteetan.
Poliki-poliki, beraz, atzekoz aurrera egin beharreko ariketa dugu etxeko lan moduan. Gure gorputzetan muntatu duten eta dugun amarauna deslotu/askatu eta berriz ere gure gorputza ezagutzen hasi beharra daukagu. Zernahi izanez, ingurukoekin harreman askeak eraikiz, horretarako gune askeak sortuz, eraldaketa geure baitan hasten dela ulertuta.
Besarkada bat bidali nahi diegu Elgoibarren euren sexu-askatasuna zapalduta eta isilean bizi behar izan duten eta oraindik ere bizi duten guztiei. Eta eskua luzatu nahi diegu, nahi dutenerako.
Maitasunari mugak jartzen dizkion herria ez da sekula libre izango!".

Jardunaldiak Soraluzen
 
Komite Arroxako kide plaentxiarrek ekainerako antolatutako jardunaldietan parte hartzeko deia zabaldu nahi dute emakumeen asanbladakoek elgoibartarren artean ere. “Gustuz eta gogoz lan egiten duen taldea da alboko herriko Komite Arroxa, eta jakin badakigu prestatu dutenak mereziko duela”, nabarmendu dute. Domekan, ekainaren 30ean, Intersecciones, cuerpos y sexualidades en la encrucijada izeneko liburua aurkeztuko dute.
Uztailaren 5ean, berriz, Dibujando el Genero izeneko liburua izango da aurkeztuko dutena.Informazio osoagoa hemen.