Sanlok nazioartera egingo duen estreinako irteera izango dela nabarmendu dute eskubaloi taldeko arduradunek. Guztira 60 ume eta gurasok bidaiatuko dute Eslovenian dagoen Izola hirira. Han, gutxienez bost partida jokatuko dituzte. Eta, besteak beste, Eslovenia bertako, Serbia, Italia, Hungaria, Txekiar Errepublika, Polonia eta Taiwaneko eskubaloi taldeen aurka jokatzeko aukera izango dute. Izan ere, 17 herrialdetako 148 talde batuko dira aurten Eurofest, Europako eskubaloiaren jaialdian.
Dena ez da eskubaloia izango ordea, herrialde desberdinetako produktuekin osatutako merkatua, hondartza eskubaloia, karaokea, diskofestak, gau tematikoak eta beste hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango baitu Elgoibartik hara joango den ordezkaritzak.