Maite Maiora txapeldunorde Espainiako mendi lasterketa txapelketan

elgoibarren.net 2013ko uzt. 1a, 12:47

 
Espainiako mendi lasterketa txapelketa jokatu zen domekan Lleidan (Herrialde Katalanak). 42 kilometroko ibilbidean 3.000 metroko desnibel positiboa gainditu behar zuten parte hartzaileek. Maite Maiora mendaroarra primeran moldatu zen ibilbidera, eta zenbait kilometro ere egin zituen lasterketa buruan. Azkenean bigarren postuan sailkatu zen.



 Lleidako Vilaller herrian batu ziren domekan (ekainak 30) mendi lasterkari onenetarikoak. Gizonezkoetan Andaluziako selekzioa ordezkatu zuen Zaid Ait Malek (4:11:21) izan zen azkarrena. Taldeka, berriz, Euskal Herriko selekzioak lortu zuen lehen postua, Andaluziako eta Aragoiko taldeen aurretik.

 Emakumezkoetan, Nuria Picas kataluniarra izan zen irabazlea. Probako lehen zatian Leire Agirrezabalak hartu zuen aurrea, aldapak gora egiten zuen uneetan, batez ere. Goitik beherako zatia hasi zenean, baina, Maite Maiorak eta Nuria Picasek atzean laga zuten Agirrezabala. Zenbait kilometrotan lasterketa buruari eutsi zion Maiorak, baina lasterketa amaitzeko 19 kilometro falta zirenean hartu zion aurrea Picas kataluniarrak. Maiora saiatu zen Picasen erritmoari eusten, baina Picasek gutxinaka aldea handitu eta zazpi minutuko tartea atera zion helmugan. Irabazleak lau ordu, 55 minutu eta 36 segundotan osatu zituen 42kilometroak, eta bost ordu, bi minutu eta 53 segundoan amaitu zuen proba Maiorak. Anna Comet kataluniarra sailkatu zen hirugarren, 5:05:16 denborarekin. Lasterketa "oso gogorra" izan zela adierazi du Maiorak, baina, era berean, oso pozik dago emaitzarekin.

 Euskal selekzioak bigarren postua eskuratu zuen taldeka, Maite Maiorak (2. postua), Leire Agirrezabala (5. postua), Aitziber Ibarbia (8. postua) eta Nerea Amilibiak (11. postua) eginiko postuen baturari esker. Kataluniako selekzioa izan zen onena taldeka. (sailkapen guztiak hemen)

Nuria Picas irabazlea eta Maite Maiora bigarren sailkatua, proba amaitu berritan.

Espainiako mendi lasterketako txapelketako emakumezkoen podiuma.

 
*Argazkiak: Ramon Ferrer, Bes-t.