Padel txapelketak baditu irabazleak

elgoibarren.net 2013ko uzt. 3a, 11:04

 
40 + 15 Tenis eta Padel Elkarteak antolatutako padel txapelketako finalak jokatu ziren asteburuan. Gizonezkoetan, Juan Luis Etxaniz eta Patxi Ballejos izan dira irabazleak. Emakumezkoetan, berriz, Noreen O´Callahan eta Bego Arruti nagusitu ziren. Era berean, tenis txapelketa ere azken txanpan sartu da eta domekan, uztailaren 7an, jokatuko da finala Mintxetako tenis pistan. 


  Iaz lortutako garaipena errepikatu dute aurten Juan Luis Etxanizek eta Patxi Ballejosek 40 + 15 Tenis eta Padel Elkarteak antolatzen duen Elgoibarko padel txapelketan. Bergarako bikoteak 2010ean ere irabazi zuen Elgoibarko txapelketa. Aurten, Asier Martija eta Aritz Oyarzabal izan dituzte aurkari finalean. 6-3 eta 6-2 emaitzarekin irabazi zieten. Emakumezkoen finalean, Noreen O´Callahanek eta Bego Arrutik bi setetan (6-3 eta 6-3) hartu zituzten mendean Lourdes Pozueta eta Maria Pilar Gorostola.

Tenis txapelketako finalaurrekoak eta finalak
  Tenis txapelketako irabazlea ere aste honetan jokatuko dituzten partidetan erabakiko da. Eguenean, 18:45ean, jokatuko den lehen finalaurrekoan Jonathan Taborciak eta Agustin Quintanak neurtuko dituzte indarrak. Bigarrengo finalaurrekoan, berriz, Markel Aranberrik eta Lur Ibargutxik jokatuko dute elkarren aurka barixakuan (uztailak 5), 19:45ean. Ibargutxi eibartarrak kanporatu du, hain justu ere, final laurdenetan iazko txapelduna, Abel Hernandez elgoibartarra. Bi jokalari horiek jokatu zuten iaz finala.

Markel Aranberrik irabazi zuen Elgoibarko txapelketa 2011n.

Lur Ibargutxik aurkari gogorra izango du aurten finalerako bidean: Markel Aranberri. Hemezortzi urteko Debako tenis jokalaria Gipuzkoako txapelduna izan da hainbat kategoriatan, eta Elgoibarko tenis txapelketa ere irabazi zuen 2011n. Hurrengo urtean Amerikako Estatu Batuetara tenisean jokatzera joateko asmoa du, horretarako beka lortzen badu.

  Bigarren finalaurrekoan ere maila handiko bi tenislarik jokatuko dute elkarren aurka. Batetik, Jonathan Taborciak (Ondarroa, 1984) tenis txapelketa profesionaletan parte hartu izan du eta tenis irakasle moduan lan egiten du hainbat tenis elkartetan. Eta, bestetik, Agustin Quintanak amateur mailako hainbat txapelketa irabazi ditu, azkena Txerloia Tenis Klubak antolatutako Azkoitiko Opena.