Arnaldo Otegiren aldeko lip-dub bideoa egin nahi du Arnaldo Askatu Herri Ekimenak

elgoibarren.net 2013ko uzt. 5a, 07:41

 
Arnaldo Askatu Herri Ekimenak lip dub estiloko bideoa grabatzeko asmoa dauka, Arnaldo Otegi aske uzteko eskatzeko. Urriaren 13an lau urte beteko ditu Arnaldo Otegik espetxean, eta egun horretarako grabatu nahi dute lip-dub bideoa. Ekimena antolatzeko lehenengo bilera uztailaren 11n egingo dute.

 
 


 Fermin Muguruza musikariak Otegiren askatasuna eskatuz egindako abestiarekin grabatuko dute bideoa Elgoibarko kaleetan. Otegiren askatasuna eskatzeaz gain, bere etxekoei eta senideei babesa erakutsi nahi diote ekimen honekin.
 Bideoa grabatzeko herritarren laguntza behar dute, eta bereziki, herriko kirol, kultura edo bestelako elkarteen kolaborazioa eskatu dute Otegiren aldeko plataformatik. Ekimena antolatzeko lehenengo bilera uztailaren 11n egingo dute, 19:30etatik aurrera Kultur Etxean. Herritar norbanakoak eta elkarteetako ordezkariak gonbidatu dituzte batzarrera.

Salaketa Estrasburgon
 Bestalde, Mark Demesmaeker Europako Aliantza Libreko (ALE) eurodiputatu flandiarrak joan den astean Espainiako agintariek Arnaldo Otegi kartzelan bisitatzea debekatu ziotela salatu du Estrasburgon. (informazio osoagoa:www.arnaldotegi.com)