Txarridunak irabazi du Pintxo lehiaketa, hirugarrengoz

elgoibarren.net 2013ko uzt. 5a, 12:04

Txarriduna tabernaren pintxoak irabazi du Elgoibarko V. Pintxo Lehiaketa. Epaimahaikideen iritziz, "pintxo originala, dotorea eta goxoa" aurkeztu du aurten Txarridunak, eta berari eman diote puntuaziorik onena. Txarriduna jatetxeak irabazita zeukan beste birritan ere {2010ean eta 2009an} lehiaketa hau, beraz, hirugarrengoz jantzi du Imanol Urainek txapela. Herritarren ustez, baina, Sigma jatetxeko pintxoa izan da onena. Elgoibarko baserriko produktuekin eginiko pintxo onenaren saria, bestalde, Ibai-Ondo jatetxeak jaso du.


 Txarriduna tabernak lehiaketara aurkeztu zuen "Masail gazi-gozoaren piruleta" izeneko pintxoak irabazi du Pintxo Onenaren Saria. Orain arte egin diren bost edizioetan, hirutan irabazi du sari nagusia Txarridunak. Gabi jatetxeak egin du bigarren, eta Viento Sur gastroteka izan da hirugarrena.

Sigmako pintxoak Herritarren saria irabazi du
 Badirudi masailarekin egindako pintxoak izan direla arrakastatsuenak aurten. Izan ere, Herritarren saria ere "Sigmako Masaila" izeneko pintxoak eskuratu du. 12.005 boto eman dituzte herritarrek, eta Sigma jatetxeak aurkeztutako pintxoak jaso ditu puntu gehien. Elgoibarko baserriko produktuekin eginiko pintxo onenaren saria, bestalde, Ibai-Ondo jatetxeak jaso du. Negozioa laga berri du Ibai-Ondoko arduradunak eta hunkituta jaso du azken sari hau.
Balorazio positiboa
 Pintxo lehiaketaren bosgarren edizioa izan da aurtengoa, eta sekula baino taberna gehiagok hartu dute parte. 25 izan dira guztira parte-hartzaileak, eta antolatzaileak oso pozik agertu dira partaidetza horrekin. Epaimahaideek esan dute aurtengo pintxoak oso landuak eta goxoak izan direla, oro har, eta erabakiak hartzea ez dela erraza izan. Tabernariak ere gustura geratu dira pintxo lehiaketak herritarrengan izan duen arrakastarekin. Udaleko arduradunek esandakoaren arabera, taberna bakoitzak mila pintxotik gora saldu ditu lehiaketak iraun duen egunetan.
Belaustegin menua
  Azkenik, botoa eman dutenen artean Belaustegi jatetxean bi lagunentzako dastatzeko menua zotz egin dute gaur goizean udaletxean egin duten sari banaketa ekitaldian, eta Edurne Lasari egokitu zaio saria.
ARGAZKIAK:

Txarriduna taberna, Pintxo Onenaren saria.

Sigma jatetxea, Herritarren saria.

Ibai-Ondo jatetxea, Baserrikoa saria.

Sarituak, parte hartzaileak eta antolatzaileak elkarrekin.

 
∞Lotura duten albisteak: