Lariz eta Maiora nagusi Collaradako kilometro bertikal bikoitzean

elgoibarren.net 2013ko uzt. 8a, 11:30

 
Iñigo Lariz elgoibartarrak eta Maite Maiora mendaroarrak irabazi dute Collaradako kilometro bertikal bikoitzaren hirugarren edizioa, Villanuan (Huesca). Mendiko istripuan hil berri den Carlos Imirizaldu “Karolo” mendizaleari eskaini diote garaipena, bien laguna zen-eta.



 Collaradako kilometro bertikal bikoitza (2KV Collarada) lasterketaren hirugarren ekinaldia jokatu zen domekan, San Fermin egunean, Villanuan (Huesca). Hamasei kilometroko ibilbidean 2.000 metro igo behar zituzten parte hartzaileek, hau da, bi kilometro bertikal egin behar zituzten proba berean.

 Probako errekorraren jabe den Habid Bouali marokoarrak erritmo bizia ezarri zuen irteeratik eta lehen metroetan bera izan zen lasterketako burua. Lehen igoera amaitzear zirela, baina, proba bertan behera laga zuen marokoarrak. Une horretan aurrera egitea erabaki zuen Iñigo Lariz elgoibartarrak, eta lehen postuan ailegatu zen 2.886 metrotan dagoen Collaradako gainera. Elgoibarren lan egiten duen Mikel Albeniz donostiarra iritsi zen gainera bigarren postuan. Handik, Villanuako herrira (956 metro) arteko jaitsiera hasi zuten parte hartzaileek. Lehen postuari eutsi zion Larizek eta bakarrik sartu zen helmugan, bi ordu eta 24 minutuko denbora eginda. Errekorretik zazpi minutura geratu zen.

Maiora bosgarren sailkapen nagusian
 Emakumezkoetan Maite Maiorak ez zuen aurkaririk eduki, eta gizonezkoekin ibili zen lehian. Izan ere, sailkapen nagusiko bosgarren postuan sartu zen helmugan, Larizengandik hamar minutura. Bi ordu eta 34 minutuan osatu zuen ia 17 kilometroko ibilbide gorabeheratsua. Olga Manconek aurrez zuen probako errekorra ordu erdi baino gehiagoan ondu zuen antxitxikari mendaroarrak.
 Larizek zein Maiorak, orain hiru egun zendu den Carlos Imirizaldu “Karolo” mendizale noaindarrari eskaini zioten garaipena. (iturria: euskaltrail.com)