Jonathan Taborcia ondarroarra nagusitu da Elgoibarko tenis txapelketan

elgoibarren.net 2013ko uzt. 8a, 16:42

 
Tenis munduan ezagunetarikoena den Winbledoneko tenis txapelketako finala jokatu baino ordu batzuk lehenago jokatu zituzten atzo, Elgoibarko Tenis Txapelketako finalak. Nagusien mailan, Ondarroako Jonathan Taborciak irabazi zuen Markel Aramberri debarraren aurkako finala. {Padel txapelketako finalak joan den astean jokatu ziren}

 

 Jonathan Taborciak eta Markel Aramberrik goi mailako tenisa eskaini zutela finalean esan dute txapelketako arduradunek, 40 + 15 Tenis eta Padel elkarteko kideek. Finala ikustera Mintxetako tenis pistara hurbildu ziren ikusleek gogotik gozatu zutela bi tenislariek jokatu zituzten zenbait punturekin gaineratu dute. Azkenean, baina, Taborciak irabazi zuen partida bi setetan (6-3 eta 6-2). Azken bost urteetan ATP txapelketetan parte hartu gabe egon eta gero, goi mailako txapelketetara itzuli da aurten Taborcia. Bestetik, Markel Aramberri gazteak ezin izan zuen 2011n Elgoibarren lortutako garaipena errepikatu.

  Gaztetxoen mailetako finalak ere jokatu zituzten domekan, Mintxetan. Hala, jubenil mailako finalean Koldo Lopez eibartarrak lortu zuen garaipena. Infantil mailakoen finalean, berriz, Paul Esteban elgoibartarra izan zen irabazlea. Azkenik, alebin mailako finalean Debako Jon Gandiaga nagusitu zen.

Jonathan Taborcia, erdian, antolatzaile eta agintariekin.

Koldo Lopez, jubeniletan irabazlea.