Unai Oñederrak irabazi du Espainiako Kopa txapelketa, helize tiroan

elgoibarren.net 2013ko uzt. 9a, 15:10

Helize tiroko Espainiako Kopa txapelketa jokatu zen Chesten (Valentzia), ekainaren amaieran. Zonaldeko ehiztariak ziren proba irabazteko faborito argiak, haizea dela-eta tiro zelai berezia eta zailenetarikoa baita Chestekoa. Alabaina, bi gipuzkoarrek eskuratu zituzten lehen bi postuak: Unai Oñederra elgoibartarrak (ondoko argazkian, eskuinean) irabazi zuen proba, eta Ander Lopez zarauztarrak egin zuen bigarren.


 Plater tiroa eta uso tiroaren arteko modalitate bat dela esan daiteke Helize tiroa. Hiru eta lau mila erreboluzioko abiaduran jaurtitzen du makina batek helizea, bi pala eta erdian platera dituen plastikoko pieza bat. Uso tiroa galarazita dago ia Europa osoan {Espainian eta Andorran izan ezik}. Hortaz, ezinbestean, helize modalitatea da nagusi Europako leku ia guztietan. Unai Oñederra elgoibartarraren modalitate gogokoena uso tiroa den arren, helize tiroa dela haren antz handiena duen modalitatea uste du, helizeak uso batek hegan egiteko duen moduaren imintzioa egiten duela-eta.

Gipuzkoarrak nagusi
 Helize tiroko Espainiko Txapelketa eta Kopa Txapelketa jokatu ziren, joan den ekainaren 22an eta 23an, Chesten, eta Unai Oñederrak irabazi zuen Kopa Txapelketa. Valentziarrei eskuetatik titulua kentzeak "meritu handia" duela dio Oñederrak. Izan ere, Chesteko tiro zelaia muino batean eraikita dago eta ingurune haizetsuan gainera. Hori dela-eta "Espainiako tiro zelai zailena" dela dio ehiztari elgoibartarrak, helizeak abiadura handiagoa hartzen baitu haizearen eraginez. Aurreko egunean jokatu zen Espainiako Txapelketa valentziar batek irabazi zuen eta Koparako ere bertakoak ziren faboritoak, hango baldintzetara ohituagoak daudela-eta. Alabaina, aurrez esan bezala, bi gipuzkoarrek erakutsi zuten punteriarik onena.

Garaipen zerrenda luzea
 Honakoa ez da izan Unai Oñederrak ehiza txapelketetan lortu duen estreinako garaipena. Aitzitik, garaipen zerrenda luzea pilatu du azken urteotan. 2007an ere irabazi zuen Espainiako Kopa Txapelketa {Ceutan jokatu zen}. Horrez gain, helize tiroko Espainiako txapeldun ere izan da birritan, eta txapeldunorde ere bai beste bost alditan. Aurrekoez gain, iaz eta orain bi urte taldekako munduko txapelduna izatea lortu zuen.

*Argazkia eta iturria: www.desveda.info