Gazte Asanbladak "benetako parte hartzea" bultzatu nahi du jaietan

elgoibarren.net 2013ko uzt. 10a, 18:46

Elgoibarko Gazte Asanbladako kideek hainbat ekintza antolatzen dituzte San Bartolome jaietako Gazteen Egunean. Dagoeneko hasi dira aurtengo jaiak prestatzen eta lehen bileran antolaketa moduari buruzko erabaki garrantzitsua hartu zuten. Hala, asanbladaren laguntzarekin koadrilek antolatutako egitarauan ezingo dute parte hartu antolaketa lanetan parte hartzen ez duten koadrilek.



Iazko baltsen jaitsierako une bat.

Honenbestez, Gazteen Egunean antolatzen duten bazkarian, ibaian egiten duten baltsen jaitsieran edo aurtengorako prestatuko dituzten ekintza berri guztietan parte hartzeko "derrigorra" izango  da antolakuntzan parte hartzea. Joan zen domekan, uztailaren 7an, egin zuten aurreneko batzarrera batutakoek hartu zuten erabakia da. Gazteen Eguneko egitarauaren inguruan berbetan jardun zutela azaldu dute asanbladako kideek, egitaraua antolatzeko baldintzei eta moduari buruz, hain zuzen ere. Hausnarketa horretatik irten zen aurrez aipaturiko erabakia, alegia, parte hartzean oinarritu nahi dituztela jaiak, "benetako parte hartzean", zehaztu dute. "Jaietan ondo pasatu nahi dugu, eta uste dugu guztiok gure apurra emanez gero, eta albokoaren lana baloratuz gero, askoz ere jai aberasgarriagoak izango ditugula", adierazi dute.
 Era berean, hartutako erabakiak badituela arriskuak diote. Eta adibide bat jarri dute. "Azken urteotan 400 edo 500 gazte inguru batu gara bazkarian. Ohitu gara eta badakigu erabaki honekin ez dela horren erraza izango marka horretara ailegatzea", azaldu dute.

Parte hartzeko mila modu
  Antolaketa lanetan parte hartzeko "mila modu" egongo direla nabarmendu dute asanbladako kideek. Horiek ezagutzeko biderik errazena datorren domekan (uztailak 14) egingo duten bigarren batzarrera agertzea izango da. Iragarri dutenez, ardurak banatu eta dena martxan jartzeko asmoa dutela batzarrean. Dena dela, bilerara joan ezin dutenek ere izango dute parte hartzeko aukera, joango diren beste koadriletako kideen bitartez, sare sozialetan mezua idatzita, edo elgoibarkogazteasanblada@gmail.com helbidera idatziz.
BIDEOA: 2012ko Gazteen Eguna.