Zaborren inguruko bi mozio onartu ditu Udalbatzak

elgoibarren.net 2013ko uzt. 11a, 16:23

Hondakinen gaineko bi mozio onartu zituen Elgoibarko udalbatzaren osoko bilkurak, joan den uztailaren 4an. Batetik, Debabarrenako Mankomunitateko kuotak kalkulatzeko era aldatzeko eskatuz mozioa aurkeztu zuen EHBilduk. Onartu egin zen mozioa EHBilduren eta PPren aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EE alderdien abstentzioari esker. Bestetik, hiri hondakin solidoen udal gestiorako irizpideak ezartzen dituen mozioa aurkeztu zuten EAJk eta PSE-EEk, eta hori ere onartu egin zuten.



  Hiri hondakin solidoen udal gestiorako irizpideak ezartzen dituen mozio alternatiboari dagokionez, Elgoibarko Udalak Atez Ateko bilketa sistemari ezezkoa ematen diola esanez hasten da onartutako mozioa. Elgoibarko Udalak Europak ematen dituen zuzentarauak beteko dituela jasotzen du jeltzaleek eta talde sozialistak elkarrekin aurkeztutako mozioak. Hiri hondakin solidoen gestioa ez dela egun bakar bateko lasterketa bat nabarmentzen du mozioak, eta, era berean, "ez diela gauetik goizera aurkeztu behar diren emaitzei ere erantzun behar". Hondakinen gestioan "arrakasta" izateko, -mozioaren arabera-, elgoibartarrek onartu egin behar dute zaborra gaika antolatzea nahitaezkoa dela. Hala, "zaborra berrerabili eta energiaren ikuspegitik balioesteko, eta horrela, erabilgarriak ez diren hondakinak zabortegietan ez metatzeko". Asmo horretan, Elgoibarko Udalak gaikako edukiontzien bidezko sistemaren aldeko apustua egiten du, "optimiza daitekeen bitarteko erraza delako, herritarren premiak asetzen dituelako, eta ondo erabilita, hiri hondakin solidoak ahal den ondoen gestionatzeko nahikoa delako". Teknologiaren erabilgarritasunak, fidagarritasunak eta kostuak horretarako bide ematen duen heinean, hiri hondakin solidoak jasotzeko zerbitzuak duen kostua familia bakoitzak sortzen duenaren arabera egotziko dela dio mozioak. Bitartean, baina, zaborrak gaika gestionatzen dituztenak eta gaika gestionatzen ez dituztenak bereizten dituen tasa sistema defendatuko dute mozioaren sinatzaileek.

Onura fiskalak 5. edukiontzia erabiltzen dutenentzat
  Debabarrenako Mankomunitateko kuotak kalkulatzeko era aldatzea nahi du Elgoibarko EHBilduk eta hori eskatzeko mozioa aurkeztu zuen uztailaren 4ko Udalbatzarraren Osoko Bilkuran.

  Bosgarren edukiontziaren erabilera sustatzeko asmoz, materia organikoa jasotzen duen bosgarren edukiontzia erabiltzen duten herritarrei "onura fiskal esanguratsuak" ahalik eta azkarren aplikatzen hastea nahi du Elgoibarko EHBilduk. Onurak ezarri ahal izateko, baina, mankomunitateak herrien kuotak kalkulatzeko daukan sistema aldatzea "ezinbestekoa" dela argudiatu dute.

 Gaur egun herrien kuota ez da zehazten herri bakoitzak sortzen duen zaborraren arabera, baizik eta beste parametro batzuek erabiliz (biztanle kopurua, edukiontzien altxaldiak,...). Horrela herri baten bilketa hobeto edo gaizkiago egiteak ez du eragin zuzenik ordaintzen duen kuotan eta beraz herritarrei aplikatutako hobariak nabarmen desorekatu ditzakete Udalaren kontuak. Hortaz, Bilduk aurkeztu eta osoko bilkuran onartutako mozioan jasota dagoenez, herritarrei onura fiskalak aplikatzeko ezinbesteko baldintza da honakoa: "Udalerriak ordaintzen dituzten kuotak, sortzen duten hondakinen kantitate eta motaren arabera kalkulatzea". Neurri eraginkorra izango litzatekeela uste du koalizioak, gaikako bilketa tasa hobeak dituzten herriak sarituko liratekeela argudiatuz. Hausnarketa honetan oinarrituz, honako eskaera egiten dio EHBilduk Debabarrenako Mankomunitateari: 2014 urterako herrien kuotak kalkulatzeko parametroak berformulatzea. Herri bakoitzak sortuko duen zaborraren arabera eta erabiltzen dituen baliabide pertsonal eta teknikoen arabera ordain dezan.

EHBilduren diagnosia eta proposamenak

1706637413436 Zaborren inguruko bi mozio onartu ditu Udalbatzak

Europak eta Gipuzkoak ezarritako gutxieneko emaitzak lortze aldera, eta hondakinen kudeaketa eraginkor bat ezartzeko, hainbat egitasmo eta proposamen aurkeztu ditu Elgoibarko EHBilduk, eta horien berri eman du prentsaurrekoan. Proposamenak aztertzen hasi aurretik, baina, hondakinen kudeaketaren gaur egungo egoeraren erretratua egin du Jose Luis Ibartzabal Bilduko kideak. Debabarrenako mankomunitateak emandako datuak erabiliz -Mankomunitatearen webgunean jarrita dituztenak- egin du egoeraren diagnosia. Herriz herriko daturik ez dagoela zehaztu ostean, Gipuzkoako zortzi mankomunitateetako emaitza eskasenak Debabarrenakoak direla nabarmendu du. Gipuzkoan hondakinen %33,4 birziklatzen da, alegia, 100 kilo hondakin bakoitzetik ia 67 kilo joaten dira zuzenean zabortegietara. Debabarrenan, berriz, %22,7 "bakarrik" birziklatzen dela azpimarratu du.
  Gaikako bilketaren bilakaerari buruzko datuak ere jakinarazi ditu. Ibartzabalen esanetan, azken sei urteotako datuei erreparatuz gero, "Alfredo Etxeberria alkate denetik" –nabarmendu du-, ez da aurrerapauso handirik eman. Aldiz, onartzen du "eboluzio bat ikusten dela" azken 16 hilabeteetan, 5. edukiontzia Eibarko eta Elgoibarko kale eta auzo guztietan ezarri zenetik hona, hain justu ere. Bosgarren edukiontziak gaikako bilketan izan duen eragina aztertzerakoan, baina, gaikako bilketak soilik %7tik %9rako igoera izan duela esan du Ibartzabalek. Bailarako bizilagun guztiek ez dute edukiontzi marroia erabiltzeko aukerarik, ordea, Eibarren eta Elgoibarren bizi diren 38.959 biztanleek (%53ak) bakarrik dute aukera hori. EHBilduko kideek uste dute, datuak estrapolatuz, Debabarrenako biztanle guztiek aukera izan balute ere, ez genukeela hondakinen %35a gaika biltzea lortuko. "Ez dira harro egoteko emaitzak", esan du Ibartzabalek. "Sei urtean ezer egon gabe egon ostean, hilabete batzuetatik hona egon da bilakaera bat, baina emaitzak eskasak dira. Bosgarren edukiontziak ez dio erantzun orokor bat eman arazoari. Elgoibarko Udalak emandako azken datuen arabera, %34ra ailegatu da horien birziklapen tasa. Neurriak hartu behar dira. Planifikazioa beharrezkoa da", gaineratu du. EHBilduko kideentzat behar beharrezkoa da hondakinen "kudeaketa eraginkorra" ahalbideratuko lukeen plangintza orokorra "denon artean" adostea. Hondakinen gaian sarritan arintasunez jokatu dela salatu du EHBilduko zinegotziak. "Guretzat gizarte eredu jakin bat dago eztabaida honen atzean", dio.
EHBilduren irizpideak
  Proposatzen duten kudeaketa planak irizpide batzuk behar dituela defendatu dute. Lehentasuna prenbentzioari eta berrerabilpenari eman behar zaiola diote. Alabaina, birziklapenaren bitartez lortu beharreko emaitzak "inolaz ezin direla" Europak eta Gipuzkoak ezarritako helburuak baino txikiagoak izan (%60-%75). Era berean, helburu orokorrak zehaztu egin behar direla defendatzen dute, "epeak jarriz eta atal ezeberdinetara egokituz". Helburuak lortzeko ezarritako sistema bilketa herritarren borondatearen esku bakarrik ezin dela laga diote. Euren ustez, gaiako bilketa sistema hobetzeko ezinbestekoa da errefuxari ateak ixtea. Era berean, bitarteko ezberdinen ezarpena ezinbestekoa da (edukionzziak, atez atekoa, konpostajea, e.a.), behar eta egoera ezberdinetara egokitzeko.

  Planifikazio baten oinarria diagnostiko eta ebaluazio egokian dagoela adierazi du Bilduk, eta horretarako datu Zzehatzak eta objektiboak" behar direla ohartarazi dute. Datu horiek herrika banatzea "ezinbestekoa" dela zehaztu dute. "Ebaluazioa, lortutako emaitzak ezarritako helburuekin konparatzea alegia, era sistematikoan egin behar da eta balio behar du bitartekoak helburuetara egokitzeko eta ez alderantziz".

 

Lotura duten albisteak: