166 kilometroko ibilbidea eta 22.000 metro desnibel metatua gutxi ez, eta 30 graduren bueltan ibili zen bero sargoriari eta ekaitzari aurre egin diote aurten Ehunmilak probako parte hartzaileek. Ibilbidea eta eguraldia ez ziren baina oztopo izan Imanol Alesonentzat eta Javi Dominguezentzat, 2010eko edizioko irabazlea lehena eta 2011ko irabazlea bigarrena. Lehia estua eduki zuten biek eta orpoz orpo joan ziren lasterketa ia guztian, batak besteari aurrea hartuaz hainbat unetan. Oilarren arteko borrokan Aleson azkoitiarra nagusitu zen azkenik. Aizkorriko maldetan metro batzuk atera zizkion Dominguez gasteiztarrari eta Beasaineko helmugara arte eutsi zion aldeari. Probako errekorra ondu zuen Alesonek gainera. 22 ordu, 59 minutu eta 19 segundoan laga du marka berria. Irabazlearengandik hamar minutura iritsi zen helmugara Dominguez. Emakumezkoetan, Nerea Martinez izan zen azkarrena (28:07:47). Sailkapen nagusiko bederatzigarren postuan sartu zen helmugan.
•Edu Uribek ezin izan zuen proba amaitu
Gure ordezkariei dagokionez, Edu Uribe izan zen parte hartu zuen elgoibartar bakarra, baina ezin izan zuen proba amaitu. Ekaitz elektriko gogor baten alerta zela-eta, lasterketa etetea erabaki zuten antolatzaileek, elgoibartarra Txindokira bidean zihoanean. “Aralarren atarian neutralizatu gintuzten lasterketaren atze aldean ibili ohi garen hainbat parte hartzaile, 90 bat lagun gutxi gorabehera”, azaldu du Uribek berak bere blogean. “Aralar zeharkatu ezinik geratu ginen; batzuk Amezketa parean, beste batzuk Larraitzen, Txindokin edo Ganbon ere bai”, dio. Parte hartzaileen segurtasuna bermatzeko hartu zuten erabakia antolatzaileek. Uribek, hortaz, 96 kilometro eginda zeuzkanean laga behar izan zuen proba. “Argi dago askorentzat erabaki gogorra izan zela, baina pertsonak salbu jartzea kirol proba baten gainetik dago”, adierazi du antolatzaileek hartutako erabakiaren harira. Iaz 45 orduan amaitu zuen proba Uribek.
•Elgoibartarrak Goierriko Bi Handietan
Ehunmilak probako parte hartzaileek baino zazpi ordu beranduago irteten dira Goirriko Bi Handiak probako parte hartzaileak, baina ekaitz arriskuaren ondorioz ordubetean atzeratu behar izan zuten horiek ere irteera ordua. Hala, gauerdian irten ziren Beasaindik, probak dituen 88 kilometroak eta 12.000 metro metatuak gainditzeko asmoarekin. Iñaki Catalan eta Silvia Trigueros izan ziren helmugara iristen azakarrenak. Gure ordezkarien artean, Elgoibartik joandako bost lagunek amaitu zuten proba. Horien artean Josu Azpiazuk egin zuen denborarik eta posturik onena, 17. postuan sailkatu zen, 13:13:38 denbora eginda.
*Gizonezkoetako lehen hiri sailkatuak eta elgoibartarren sailkapena:
- 1. Iñaki Catalan (11:05:07)
- 2. Juan Romano (11:08:48)
- 3. Gaizka Baranano (11:14:17)
- 17. Julen Azpiazu (13:13:38)
- 50. Iñaki Etxabe (15:06:58)
- 72. Iban Murua (16:22:36)
- 98. Ekaitz Baskaran (17:24:36)
- 148. Aitor Azkue (18:49:45)
*Argazkiak eta informazio osoagoa: urgazi.blogspot.com eta mendilasterketa.blogspot.com
∞Lotura duten albisteak:
- Edu Uribek 45 ordutan amaitu du Ehunmilak ultratraila (2012-07-16)
- Ehunmilak proban parte hartuko dute Edu Uribek eta Josu Mendikutek (2012-07-11)
- Jose Luis Diezek 45 ordutan amaitu zuen Ehun Milak proba (2010-07-19)
- Hiru elgoibartar Ehun Milak mendi proban (2011-07-13)
- Ehun Milak proba amaitzea lortu dute Asier Arrietak eta Edu Uribek (2011-07-18)