Euskaltzaleen mugimenduak hizkuntza komunitateari, euskaltasunari eta auzolanari egin nahi die gorazarre ekimen honen bitartez eta irailaren 28an Soraluzen egingo den jaian parte hartzeko deia egin die Euskal Herri osoko euskaltzaleei eta, bereziki, eskualdekoei.
•Urte osoko lanaren erakusgarri
Euskaltzaleen elkarteek urte osoan zehar egiten duten lanaren erakusgarri izan nahi du iraileko hitzorduak, Euskal Herri osoko euskaltzaleen arteko harremanetik euskarari eta euskal hiztun komunitateari arnasaldi berri bat eman nahi zaio.
•Egitarau zabala
Jai eguna izango da TopaEguna, euskaltzaleen elkarteen ospakizuna. Horretarako egun osorako egitarau zabala eta oparoa antolatu da, zeinetan aisialdiak, festak, musikak, aldarrikapenak eta euskaltzaleen arteko harremanak lekua izango duten.
Goizean goiz abiatuko da festa, Soraluzeko herritarrek hurbildutako euskaltzaleei egindako harrerarekin. Ondoren, goizean zehar, herriko txoko ezberdinetan hainbat ekintza burutuko dira: mintzalagunen arteko berba-probak, umeen hiria, liburu baten aurkezpena, musika kalez kale, puzgarriak, kantu kalejira eta euskararen gaineko mezuak plazaratzeko gunea.
Bazkari herrikoia* antolatu da ondoren, Soraluzeko elkarte gastronomiko ezberdinek eskainitakoa. Bazkaldu ondoren, hainbat kultur emanaldi eta aisialdiko hezitzaileen zein elkarteetako gazte taldeen arteko jolasek hartuko dituzte herriko txoko ezberdinak.
Arratsaldean egingo da eguneko ekitaldi nagusia, Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariek eta euskaltzale ezagunek zuzendutakoa.
Eguna amaitzeko erromeria eta gauean kontzertua izango dira. Gaueko kontzertuan Kokein eta Gose bailarako musika taldeak izango dira protagonista.
- *Gonbidapena eta bazkari txartelak: Antolatzaileek ehunka euskaltzalerentzako lekua prestatu dute irailaren 28rako eta gonbidapena egin diete, jaira etorri eta antolatutako ekintzetan parte hartzeko. Bazkari herrikoian parte hartzeko izen-ematea zabalik dago jadanik http://www.topagunea.org/topaeguna helbidean.