Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Iñaki Arriolak jakinarazi du alderdi sozialistak gaitzezpen mozioa aurkeztuko duela gaur, astelehena, lurraldeko Landa Garapeneko, Berrikuntzako eta Turismoko diputatua den Jon Peli Uriguen elgoibartarraren aurka.
Arriolaren esanetan, "desilusionatuta" sentitzen dira sozialistak, Gipuzkoako aurrekontu foraletan adostutako krisiaren aurkako plana ez baitu oraindik martxan jarri Uriguenek, "lau hilabete pasa arren".
Buruzagi sozialistak azaldu duenez, 2013ko Gipuzkoako aurrekontu orokorretan PSE-EEk aurkeztutako proposamena onartu zen, 7.600.000 euroko aurrekontua duen krisiaren aurkako plana. Adostu zutenetik lau hilabete pasatu arren, "planaren garapenerako dekretu bakar bat ere" ez dela aprobatu salatu du Arriolak.
•Diputazioaren erantzuna
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzetsi egin du PSE-EEk gaitzespen mozioa aurkeztu nahi izana eta Iñaki Arriolaren adierazpenak "zinismo hutsa" direla esan du, ohar baten bidez. Foru gobernuak gogoratu du "adostutakoa betetzen" ari dela. "Edo PSE barruan ez dute informazioa mugitzen, edo Arriolak gezurra erabiltzen du sozialistak foru gobernuarengandik urrutiratzen ari direla erakusteko", gaineratu du.
Adundiak dio informazio osoa eman diola Batzar Nagusietako sozialisten bozeramale den Rafaela Romerori, eta argi esplikatu dizkiola orain arte emandako pauso guztiak,7,6 milioiko partidaren inguruan. "Arriolak ongi daki, beraz, hil honen amaiera baino lehen Ekonomiaren eta Enpleguaren Sustapen Planeko 6 milioi eurotako partidak onartuta izango direla. Eta badaki, gainera, gelditzen diren beste 1,6 milioiak irailean onartuko direla, insertzio politikaz arduratzen direnekin lantzen ari garelako zenbait enplegu programa. Oraindik ez dira 48 ordu pasa sozialisten bozeramaleak Batzar Nagusietan datu horiek guztiak ontzat eman zituenetik, eta horrek are eta ulertezinago egiten du", azaldu du Diputazioak oharrean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi dituen datuen arabera, Une honetan 3.582.000 euro bideratuta daude onartuta eta martxan dauden hainbat programa eta hitzarmen bidez. Era berean, beste 1.208.000 euro, enplegu berde eta zurira zuzenduko direnak, datorren asteartean egingo den diputatu kontseiluan onartzeko administrazio tramite guztiak prestatuta dituzte. Eta 6 milioiko kopurua osatzeko gelditzen den guztia uztailaren 30eko kontseiluan onartuko dela azaldu du.
*Iturria: berria.info