Diseinatzaile elgoibartar baten ukitua igeriketa sinkronizatuko bainujantzietan

elgoibarren.net 2013ko uzt. 22a, 22:09

 
Munduko Igeriketa Txapelketa jokatzen dihardute egunotan Bartzelonan, tartean igeriketa sinkronizatuko Espainiako taldeak. Eta, selekzio horretako kideek soinean daramatzaten bainujantziek (ondoko argazkian) diseinatzaile elgoibartar baten ukitua dute. Izan ere, Eneko Iturbek hartu du parte bainujantzi ikusgarrion diseinuan.

 
 
 Uztailaren 19an hasi eta hilaren 27a artean jokatuko dira Munduko Igeriketa Txapelketako probak, Bartzelonan. Hiri horretan dihardu, hain justu ere, diseinatzaile ikasketak egiten Eneko Iturbe elgoibartarrak, Escola Superior de Disseny, ESDi zentroan. Igeriketa sinkronizatuko Espainiako selekzioak txapelketarako bainujantziak diseinatzeko eskaera egin zion ESDi zentroari eta, asmo horretan, talde sortzaile bat eratu zuten haiek. Dolors Giro Moda departamenduko zuzendariaren aginduetara aritu dira lanean bost lagun, tartean Eneko Iturbe elgoibartarra. "Dolors zuzendariak eta bi irakaslek {Loreto Rodriguez eta Cristina Real} bainujantzien diseinuan parte hartzeko aukera eman ziguten zentroko bi ikasleri, Sara Gagori eta niri", azaldu du Iturbek. Sortze prozesuan Ona Carbonellek ere hartu du parte. Zentroko ikaslea izateaz gainera, igeriketa sinkronizatuko Espainiako taldeko kidea da Carbonell. Banakako, binakako eta taldekako probetan hartuko du parte gaur egun taldeko izarra den igerilariak.
Hiru bainujantzi, hiru probatarako

Ona Carbonell.

Hiru bainujantzi diseinatu dituztela dio Iturbek. "Bakarka egin beharreko ariketa teknikoan, biolin baten soinua nagusi den abesti batekin lan egiten du uretan Onak, eta instrumentu horixe hartu genuen inspirazio iturritzat bainujantzia diseinatzeko. Dotorea behar zuen izan bainujantziak eta zuria zela kolorerik aproposena ondorioztatu genuen. Urrez eginiko osagaiak gaineratu genizkion", azaldu du diseinatzaile gazteak.
 Diseinatu duten bigarren bainujantzia, Ona Carbonellek bakarkako saio librean gaur erabili duena da. "Montserrat Caballek eta Freddie Mercuryk ezagun egin zuten 'Barcelona' abestia aukeratu du koreografia osatzeko. Hala izanik, Bartzelona hiriak nolabait agertu behar zuen eta Gaudiren mosaikoak eraman ditugu bainujantzira".

1706637383077 Diseinatzaile elgoibartar baten ukitua igeriketa sinkronizatuko bainujantzietan

Azkenik, hirugarren diseinua Espainiako taldeak ariketa librean erabiliko duena da. "Erabili duten koreografiak Indian eta inguruko herrialdeetan ohikoagoak diren samsara filosofia eta bizitzaren ziklo ezberdinak ditu oinarrian, eta guk ere Indian jantzi ohi dituzten jantzietatik hartu dugu bainujantzia osatzeko inspirazioa".
Mundu berria eta ezezaguna
 Bainujantziak diseinatzeko proiektua martxoan hasi zutela dio Iturbek. "Kanpotik eman dezakeena baino lan handiagoa eman digu bainujantziok diseinatzeak. Batez ere alor teknikoak garrantzi handia duelako, eliteko kirol baterako arropa baita azken finean, berezitasun modura, Swarovski etxeko harribitxiak, lentejuelak eta antzerako apaingarriak dituzten bainujantziak diren arren. Selekzioko taldekideek eurek ere asko lagundu digute euren iritziak emanez. Mundu erabat ezezaguna zen niretzat eta ahal izan dugun hoberen lan egiten saiatu gara".