Ameriketako dantzak izango dira protagonista Nazioarteko Folklore Jaialdian

elgoibarren.net 2013ko uzt. 24a, 08:35

Aurten kontinente amerikarreko folklorea izango da protagonista Elgoibarko Nazioarteko 27. Folklore Jaialdian. Peru eta Kanadako bi talde gonbidatu dituzte, eta horiekin batera eskainiko du dantzaldia Elgoibarko Haritz dantza taldeak, gaur, uztailak 24. (Goiko bideoan 2012ko jaialdiko zenbait une)

  Ipar Amerikatik, Kanadatik hain justu, Ensemble Folklorique Mackinaw taldea etorriko da; eta hegoaldetik, berriz, Peruko Jallmay. Esan bezala, Txankakua merkataritza elkarteko dendetan salgai daude jaialdirako sarrerak. Dena den, kiroldegiko leihatilan ere egongo dira salgai sarrerak. 22:30ean hasiko da dantzaldia.

Mackinaw - Kanada

1706637381735 Ameriketako dantzak izango dira protagonista Nazioarteko Folklore Jaialdian

Konpainia hau 1974an sortu zuten, Actoneko Tovarich eta Drummondvilleko Alunelul folklore-taldeen elkartzetik. Azken herri horretan du egoitza, Quebec erdialdean, eta folklore tradizionalaren berreskuratze eta mantentze lanetan dihardu, esperientzia handiko giza-talde baten zuzendaritzapean. Taldearen izena, Mackinaw, antzina basoan lanerako erabili ohi zen jaka gorri eta beltzetik dator. Quebectar dantzen bilduma zabala aurkezten du, eta dantza eta antzerki-izaera uztartuz.
Jallmay - Peru

1706637381823 Ameriketako dantzak izango dira protagonista Nazioarteko Folklore Jaialdian

Jallmay hitzak “lurra astintzea” esan nahi du kitxueraz. 1996an sortu zuten kultur-elkartea, Peruko kultur aniztasuna sustatu eta hango ondarea babesteko asmoarekin. Izan ere, Peruko topografiaren ezaugarriek eskualde bakoitzean eta, zenbait kasutan, herri bakoitzean bertako dantzak garatzea ekarri zuten. Jallmay elkartearen ikuskizunek, beraz, Peruko aniztasuan horren irudia eskaintzen dute, eta horixe da beraien originaltasuna.

Haritz EDT - Euskal Herria

Nafarroako dantzak taularatuko ditu aurten Haritz dantza taldeak.

Haritzek 40 urte betetzen ditu aurten, eta 27. Folklore jaialdia antolatu dute eguaztenerako. Oraingoan, Nafarroako dantzak taularatuko dituzte. Lehen zatian, Erronkariko Ttun-ttuna, Baztango zortzikoa, eta Iturengo soka-dantza izango ditugu ikusgai. Bigarren zatian berriz, Behe Nafarroara jauzi egingo dute, Luzaideko dantza koloretsu eta alaiak eskainiz. Artero pazko-igandez antzezten den inauteria aurkeztuko dute, besteak beste, kontradantzak, jauzia, sorginak eta euskaldunak, kadrillea eta dantza luzea eskainiz.

ARGAZKIAK: 2012ko Elgoibarko folklore jaialdiko argazkiak.