- Irakurri hemen: Elgoibarko Sputnik-aren historia (Oier Araolaza/Teknosexua bloga)
Maalako etxe berrien inguruan (orain Eroski dagoen inguru horretan), taller asko zeuden, gure aitxitxa eta amamaren etxearen atzeko aldean. Ni txikia nintzenerako taller asko itxita zeuden , baina beste batzuk martxan. Egun batean tallar horietako batean arazo bat izan zuten, eztanda bat entzun zen eta ondoren azido edo likido pozoitsu baten isurketa bat. Sugar goxoki dendako aldapatik behera likido ezezagun horren erreka bat azaldu zen eta Maalan behera Deba ibaira isuri zen. Kalea moztuta gelditu zen, jendea asaldatuta eta abar; emerjentzia txiki bat. Taller horretakoek barkamena eskatu, "problema bat izan dugu" eta listo, hor gelditu zen kontua.
Baina nire aitxitxa eta amama handik egun pare batera gure sagastira igo ziren, nire familiak daukan terreno txiki batera, sarri egiten zuten moduan. Hara iristean demaseko sorpresa aurkitu zuten: gure zelaian, orain fruta arbolak ditugun toki horretan, metalezko deposito handi bat aurkitu zuten.
Abixatu ziguten, joan ginen ikustera eta nik kalkulatzen dut pare bat metro luzeera eta metro bateko zabalerakoa izango zela metalezko deposito hori. Ez zegoen ezerren markarik inguruan, agian zelaia azidoaz erreta bezala, baina besterik ez, ez kotxe edo kamioi marka edo ezer ere ez. Hau da, trasto hura airez etorri zen toki hartara. (!!!)
Garai hartan denak beldurtuta ibili ginen Skylab-arekin. Skylab estazio espazial bat zen, amerikanoek bidalitakoa eta bere lana bukatu eta lurrera erori behar zen, ez genekien munduko zein lekutan, baina akordatzen naiz alarma sortu zuela. Ba hori etorri zitzaidan neri burura, Skylab-en estiloko txatarra izan zitekeela.
Kontua da norbaitek bi gertaerak (eztanda/isurketa eta depositoa azaltzea) lotu zituela, eta aitxitxa joan zen taller hartara kontuak eskatzera. Taller hartakoak etorri ziren sagastira, ikusi zuten trastoa, flipatu zuten eta flipatu genuen denok pixka bat. Beraiek konfirmatu zuten beraien deposito "desagertua" zela hura, eta ixilean inori ezer esan gabe trastoa hurrengo egunean zatitu eta kotxe batean eraman zuten.
Kalkulatu dut distantzia eta 300 metroko ibilbidea egin zuen trastoak airez. Hori horizontalean, ze gure sagastia herriarekin alderatuta egongo da 50 metroko altuera diferentzian. Tartean, tallerrak, errepideak, trenbidea eta A-8 autopista pasatu zituen hegan. Txiripa izan zen, ze 10 metro gutxiago eta autopista erdi-erdian eroriko zen.
Gure aitxitxak erreklamatu zien autopista alderako hesi metalikoa azidoak izorratu zuela eta tallerrekoek arazo handirik jarri gabe hesi guztia berriztu ziguten, pentsatzen dut konpentsazio modura edo. Gure aitxitxa negoziante ona zen.
•Depositoak egin zuen ibilbidearen teorizazioa
Metalezko deposito hark egin zuen ibilbidearen teorizazioa {goiko argazkian ikus dezakezue}. Etxe horiek {argazkian ageri direnak} dauden tokian lehen hainbat enpresa industrial zeuden eta hor ingurutik atera zen trastoa.
Metalezko deposito hark egin zuen ibilbidearen teorizazioa {goiko argazkian ikus dezakezue}. Etxe horiek {argazkian ageri direnak} dauden tokian lehen hainbat enpresa industrial zeuden eta hor ingurutik atera zen trastoa.
Argazkia b5m-ri esker.
*Sputnik 1 (errusieraz Спутник-1) gizakiak espazioratu zuen lehen satelite artifiziala zen, SESB-ak gauzatua. Informazio osoagoa wikipedian.