Elgoibarko Izarrak botako du San Bartolome jaiei hasiera emango dien suziria

elgoibarren.net 2013ko uzt. 30a, 21:20

2013ko San Bartolome jaietako egitaraua 142.000 eurorekin osatu du aurten Elgoibarko Udalak, hau da, iaz baino 2.000 euro gehiagorekin. Era berean, aurten 50 urte bete dituen Elgoibarko Izarra elkarteko presidente Iñaki Kondek izango du jaiei hasiera emango dien suziria pizteko ohorea.
  • OPORRAK: elgoibarren.net atariak oporrak hartuko ditu abuztuaren 23ra arte. San Bartolome jaietan itzuliko gara lanera eta jaien jarraipena egingo dugu egunez-egun.


Udal ordezkariek eman dute 2013ko San Bartolome jaien berri.

San Bartolome jaiak hasteko hilabete eskas falta dela-eta, egitarauari buruzko xehetasunak eman eta berrikuntzarik nagusienak zein izango diren azaldu dituzte Elgoibarko Udaleko agintariek, gaur goizean (uztailak 22), eman duten prentsaurrekoan.
 Jaiak hasi aurreko egunetan, abuztuaren 22an, hain justu ere, inauguratuko den argazki erakusketaren berri eman du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. Iñaki San Martin “Soarte” argazkilari elgoibartarrak Soka Dantzaren inguruan eginiko argazki erakusketa Elgoibarren erakutsiko dute estreinakoz, Kultur Etxeko erakusketa gelan. Irailaren 6ra arte egongo da ikusgai.
 Soka dantzari lotuta, Haritz dantza taldeko Jon Lizarraldek 25. urtez jarraian gidatuko du soka-dantza abuztuaren 24an. Haritz Euskal Dantzari Taldeak eta Udaleko Txistularien Bandak 79. Soka Dantza saioa eskainiko dute aurten.
Elgoibarko Izarraren 50. urteurrena gogoan
  Jaiei hasiera emango dien suziria pizteko Elgoibarko Izarra elkartea aukeratu dutela jakinarazi du Etxeberriak, elkarteak 50 urte egin dituela-eta. Elkarteko gaur egungo presidentea den Iñaki Kondek piztuko du suziria, abuztuaren 23an, 13:00etan. San Bartolome Egunean, berriz, Kalegoen plazako frontoian jokatuko diren profesionalen arteko esku pilota partidak nabarmendu ditu alkateak. Era berean, partida plazan jokatzeak zenbait aldaketa ekarriko dituela azaldu du. Besteak beste, Udal Musika Bandaren kontzertua lekuz aldatuko dute, frontoitik parroki aurrera arte, hain zuzen ere. Lekuekin jarraituz, Gazteen Eguneko kontzertu nagusia ere Kalegoen plazatik Maalara lekuz aldatu dute. Hala, Maalako eszenatokian eskainiko dituzte kontzertuak ZZ Blues Band eta Hesian taldeek.

Ikuskizun eszenikoak
  Orain hiru urte hasitako bideari eutsiz, ikuskizun eszenikoen aldeko apustua egingo du Udalak aurten ere. San Bartolome Bezpera egunean, San Bartolome Egunean eta Jubilatuen eta Umeen Eguna izango den abuztuaren 25ean ikuskizun eszenikoek hartuko dituzte herriko kaleak. “Aurreko urteetan jende asko erakarri dutela ikusi dugu eta bide berdinetik jarraitzea erabaki dugu”, adierazi du Blanca Salegi kultur teknikariak. Dantzaz konpainiak abuztuaren 23an eskainiko duen Naufragoak antzezlaneko koreografia gainera, Josu Mujika elgoibartarrak sortu du.

142.400 euroko aurrekontua
  Azken urteetako joera hautsiz, aurrekontu handiagoa izango du Elgoibarko Udalak San Bartolome jaietako egitaraua osatzeko. Igoera ez da handia, %2koa baizik, hau da, iaz baino 2.000 euro gehiago bideratuko ditu Udalak jaiak antolatzera. Azkenengo Trinitate jaiak antolatzeko aurrekoetan baino diru gutxiago erabili zutela-eta aurreztutako dirua San Bartolome jaietako egitaraua osatzeko erabili dutela azaldu du Blanca Salegik.
  2008ko San Bartolome jaietan, 233.800 euroko aurrekontua eduki zuten jaiek, 2009an 214.000 eurokoa, 155.000 eurokoa 2010ko jaietan eta 145.000 euro bideratu zituen Udalak 2011ko jaietan.

Sokamuturrarekin amaituko dira jaiak
  Bi asteburu izango dituzte aurtengo jaiek, eta irailaren 1ean egingo den sokamuturra izango da jaietako azken ekintza. Egun horretan, irailaren 1ean, ez da beste ekintzarik izango. “Antolakuntza lanak errazteko” hartu dutela erabakia azaldu dute udal ordezkariek. Lehenengo sokamuturra Txiki Egunean (abuztuak 26) egingo da, Gazteen Egunean (abuztuak 30) bigarrena eta, esan bezala, irailaren 1ean hirugarrena eta azkena. Azken urteetan Jubilatuen egunean egin izan den sokamuturra da irailaren 1era aldatu dutena. “Umeentzako marrazki lehiaketa eta jubilatuen meza nagusiko irteera erraztuko dituela-eta hartu dutela erabakia adierazi du Ricardo Garate Hirigintza zinegotziak.
Era berean, segurtasun neurriak indartze aldera, itxitura finkoa jarriko dutela Aita Agirre inguruan aurreratu du. “San Frantzisko iturria baino goraxeago jarriko dugu egurrezko itxitura finkoa, orain arte bailatua jartzen genuen pare berean”, azaldu du. Datozen urteetan hesi finkoak sokamuturra egiten den beste gune batzuetara zabaltzeko asmoa dutela gaineratu du.
 
Tabernen ordutegiak
 Tabernek izango dituzten ordutegi mugen berri  eman du Hirigintza zinegotzi Rikardo Garatek. Ostalariek ohiko ordutegia “bi orduz” luzatzeko aukera izango dutela esan du.