Eltziegoko jaietan hartuko du parte Elgoibarko Udal Musika Bandak

elgoibarren.net 2013ko ira. 4a, 12:12

Arabar Errioxako Eltziego herrian Plazako Amabirjinaren eguna ospatuko dute domekan, irailaren 8an, eta bertako agintariek Elgoibarko Udal Musika Banda gonbidatu dute, hango bandarekin batera eguna musikaz alaitzeko. Era berean, egun pasa ederra egiteko plana dela-eta, Eltziegora hurbiltzeko gonbitea egin nahi diete elgoibartarrei Elgoibarko Bandako kideek.


  Plazako amabirjinaren omenezko jaiak ospatzen dihardute Eltziegon, eta Amabirjinaren Eguna ospatuko dute domekan (ikus jaietako egitaraua). Egun horretarako prestatutako ekitaldietan hartuko du parte Elgoibarko Udal Musika Bandak.

Elgoibarko kaleak beharrean Eltziegokoak girotuko ditu Udal Musika Bandak irailaren 8an.

Diana eta kalejirarekin hasiko dute eguna. 10:30etik aurrera kalejiran irtengo dira Elgoibarko Banda eta  Eltziegoko Musika Banda, Eltziegoko Gaiterioen laguntzaz. Ondoren, 12:15ean, Plazako Amabirjinaren Prozesioan hartuko dute parte agintariek, Elgoibarko Udal Musika Bandak, Eltziegoko Musika Bandak, dantza taldeak eta gaiteroek. Plazatik elizaraino egingo duten prozesioan “Jerusalenen Martxa” pieza joko dute musikariek. Mezaren ostean, elizatik plazaraino dagoen bidea egingo dute bi musika bandek. Gero, 14:00etan, kontzertua eskainiko du Elgoibarko Udal Musika Bandak plazan.

 Herriko Bandaren kontzertua ikusteaz gainera, Arabar Errioxako herri “eder” hori ezagutu eta bertako jaiez gozatzeko aukera “paregabea” dela nabarmendu dute bandako kideek. Gonbitea egina dago.