Euriari aurre eginez giro onean joan dira San Antolin jaiak

elgoibarren.net 2013ko ira. 9a, 17:19

 
Euriak antolatutako ekintzak zapuztuko zituen mehatxupean joan dira aurtengo San Antolin jaiak. Alabaina, Arriagako auzotarrek eta bisitariek busti gabe eta giro onean igaro dituzte jaiak. (Argazkiak eta demetako emaitzak dauzka)



 Txapel jaurtiketa lehiaketa eta oliba hezurren jaurtiketa lehiaketekin hasi ziren, joan den barixakuan, San Antolin jaietako ekintzak Arriaga auzoan. Euria ziharduela-eta, karparen barruan jokatu ziren bi txapelketak. Guztira 38 gizonezkok eta 21 emakumezkok hartu zuten parte lehiaketa bitxiotan (beherago dauzkazue emaitzak). Bertsoek hartu zuten gero txapelketen lekua. 130 lagunek hartu zuten parte bertso afarian eta goizaldeko 02:00ak arte luzatu zen Julio Soto eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek girotu zuten afalostea.
Zapatuan, mus txapelketa eta patata tortilla lehiaketa jokatu ziren. Bederatzi bikotek hartu zuten parte lehenengoan eta zazpi bikotek bigarrengoan. Horien segidan jokatu zen Eibarko Urkiagaren astoaren eta Mendaroko giza taldearen arteko dema. Astoa izan zen jaun eta jabe eta alde handia atera zien Mendaroko indartsuei. Indar erakustaldiaren ostean, hauspoa majo berotu zuten Euskal Iron lehiaketan elkarren aurka aritu ziren bi lagunek: Eider Iriondok eta Ekaitz Olaizolak. Lokotx biltzea, zakua bizkar gainean eramatea eta antxintxika uztartu zituen Euskal Iron txapelketak.
 Iluntzean, 120 pertsona batu ziren marmitakoa afaltzera. Afalostean erromeria egin zuten Lajarekin eta Mikelekin. Dantza txapelketa ere egin zuten erromeriaren barruan eta Mendaro aldera joan zen lehen saria, Ramon eta Juanitak osatutako bikoteak lortu zuen-eta lehen saria.

2013ko San Antolin jaien barruan antolatutako lehiaketetako emaitzak:
  • VIII. Txapel Jaurtiketa lehiaketako irabazleak: Maite Ansola (15,90 metro)
 eta Aritz Telleria (24,10 metro)
  • VI. Oliba Jaurtiketa lehiaketako irabazlea: Martxelo Mendizabal.  
  • San Antolin auzoko IV. Mus Txapelketako irabazleak: Felix eta Bixente.
  • Euskal Iron Txapelketa: Ekaitz Olaizola (3:01) eta Eider Iriondo (3:10)
  • Patata tortila txapelketako irabazleak: Itxaso Irazabal eta Leire Ansola.
  • Erromeriako dantza txapelketako bikote irabazlea: Ramon eta Juanita.
Errifetako zenbaki sarituak
 Honakoak izan dira zozketako zenbaki sarituak:

  • Lehen Sariko (Kanariar Uharteetara bi lagunentzako bidaia) 
zenbaki saritua: 3106.
 Erreserbakoa: 2949
.
  • Bigarren sariako (janariz eta edariz betetako karretila)
 zenbaki saritua: 2125. 
Erreserbakoa: 2702.

ARGAZKIAK: