Mintxetako bainu denboraldia, erabiltzaile kopuruaren errekorretik gertu

elgoibarren.net 2013ko ira. 11a, 12:58

Joan zen domekan, irailaren 8an, eman zitzaion amaiera Mintxetako aire libreko igerilekuen denboraldiari. Aurten, 53.500 erabiltzailetik gora  zenbatu dituzte Udal Kirol Patronatuko arduradunek, hau da, 2009an lortu ziren kopuruetara {55.056 erabiltzaile} hurbildu dira. Makal hasi zen denboraldiak ekainaren 25ean izan zuen inflexio-puntua, eta uztaileko egun eguzkitsuek 31.555 erabiltzaile erakarri zituzten Mintxetara, sekula hil bakar batean izan den kopururik handiena.


 Erabiltzaile kopuruari dagokionez, joan zen urtekoaren “antzekoa” izan dela aurtengo bainu denboraldia nabarmendu dute Udal Kirol Patronatuko arduradunek. “Makal hasi zen denboraldia, ekainean egin zuen eguraldi kaxkarraren ondorioz, baina ekainaren 25etik aurrera jende asko batu da Mintxetan aire libreko igerilekuez gozatzeko”. Hala, ekainean 7.756 erabiltzaile bakarrik zenbatu zituzten bitartean, uztailean 31.555 erabiltzaile zenbatu zituzten eta 12.216 abuztuan. Irailean, berriz, 2.000 erabiltzailetik gora izan dira. Orotara, 53.527 erabiltzaile zenbatu dituzte. Udal Kirol Patronatuak oso positibotzat jo ditu datu horiek.
Erabiltzaile kopuruen bilakaera, urtez urte: 
  • 2013: 53.527
  • 2012: 52.000
  • 2011: 42.065
  • 2010: 48.000
  • 2009: 55.056
  • 2008: 34.342
  • 2007: 15.000
  • 2006: 29.000
  • 2005: 32.000
Lotura duten albisteak: