Topaguneak eta Deba bailarako euskara elkarteek antolatu dute TopaEguna, tartean Elgoibarko Izarrak. Antolatzaileek atzo egin zuten egunaren aurkezpena Donostian, eta euskaldun eta euskaltzale guztiak gonbidatu zituzten parte hartzera. Era berean, Elgoibarko Izarrak ere elgoibartarrak gonbidatu nahi ditu festara.
Irailaren 28an Soraluzen ospatuko den TopaEguna 11:00ak aldera hasiko da. 12:00etan Jon Sarasuak bere azken liburua aurkeztuko du, eta egunean zehar adin guztietarako ekintzak izango dira. Jolasak, herri bazkaria, erromeria eta musika saioak ere ez dira faltako, eta eguna bukatzeko, Kokein eta Gose taldeen kontzertuak ikusi ahal izango dira.
- Egitaraua ondoko loturan: TopaEguna
Arianne Unamuno Soraluzeko Pil-pilean Euskara Elkarteko Lehendakariak TopaEgunaren inguruan berba egin du. 30 urte. Ingurumen Zientzietan lizentziatua. Urte asko daramatza herriko euskalgintzako jardunean eta orain dela bi urtetik hona elkarteko lehendakaria da.
•TopaEguna Soraluzen egingo da Irailaren 28an. Zer helbururekin antolatu duzue?
Helburu nagusia herriz herri euskararen sustapenean lanean diharduten euskaltzaleei jai egun eder bat eskaintzea da herrian. Horrekin batera, euskara elkarteetatik urte osoan zehar egiten den lanari duen balorea aldarrikatzea. Askotan ez dugu gure elkarteek eta ekimenek duten garrantzia baloratzen, baina konturatu behar dugu zeregin zentrala dutela gure hiztun komunitatea antolatu, sendotu eta etorkizuneko bidea egiterako orduan.
•“Emaiozu balorea” da eguneko lema eta bi ardatz aipatu dituzue aurkezpenean: euskaltzaletasuna eta auzolana. Jaia antolatu duzue, baina badu aldarrikapenik ere, ezta?
Bai. Aldarrikatu nahi dugu badela beste bide bat homogenizazioaren eta indibidualismoaren bidetik ezberdina dena; munduko hizkuntza aniztasuna zaintzearen aldekoa, auzolanean funtzionatzen duena... Horixe da euskara elkarteen mugimendutik beste gizarte mugimendu batzuekin batera egunero herriz herri jorratzen dugun bidea, euskaltzaletasunetik geure hizkuntza komunitatea -herrikoa nahiz nazio mailakoa- sendotzeko ahaleginean. •Soraluzen antolatzeak badu azalpen berezirik?
Deba bailarak (Debagoienak eta Debabarrenak) beti izan du garrantzia handia euskara elkarteen mugimenduan. Batetik, lehen elkarteak bailara honetan sortu zirelako, eta gerora ere erreferentzia izan direlako hainbat arloren garapenean; toki hedabideak, aisialdia...
Herria baino gehiago bailara da aukeratu dena eta gurean egitea suertatu da. Hasieratik landu da bailarako ikuspuntu hori eta Debagoieneko eta Debarreneko elkarteok hilabeteak daramatzagu Topa Eguna antolatzeko auzolanean. Herri mailako elkarteekin ere badihardugu; elkarte gastronomikoekin, kulturgileekin, gazteekin, udalarekin...
•TopaEguna Soraluzen egitea erronka izan da Pil-Pilean elkartearentzat. Aurkeztuko diguzu elkartea?
Orain dela 17 urte euskaltegitik sortutako herri aldizkari izatetik, herritar euskaltzale askok egindako lanari eskerrak, herrian erreferente den elkartea bihurtu da, euskalgintza, tokiko hedabideak, kultura eta aisialdia lantzen dituena. Garrantzia berezia izan du gure elkartean auzolanak, elkarlanak, beste eragile eta ahalik eta herritar gehienekin ekimenak eta proiektuak egiteak. Herrigintzan euskaltasuna ardatz hartuta jardutea izan da gure hautua.
•Eta bukatzeko, nori luzatu nahi diezue gonbitea irailaren 28an Soraluzera hurbiltzeko?
Euskaltzaleei, elkarteetan antolatuta daudenei eta ez daudenei. Saiatu gara egitarau zabal eta anitza jartzen, adin eta zaletasun askorentzat gustokoa izan daitekeena; kantujira izango da, mintza-probak, umeentzako jolasak eta irrien lagunak, bazkaria, kale animazioa, erromeria eta kontzertuak iluntzean... Euskalzaleok batu eta elkarri euskararen aldeko lanean aurrera jarraitzeko ilusioa transmititzeko eguna izango da; geure eguna.