‘Hildakoak hilobietatik ateraz, duintasunak berreskuratuz’ erakusketa, hilaren 22ra arte ikusgai

elgoibarren.net 2013ko ira. 13a, 10:13

 
Aranzadi zientzia elkartea 2000. urtean hasi zen 36ko Gerran hildako gorpuzkinak deshobiratzen, eta ordutik gaur egunera arte 600 bat gorpuzkin aurkitu dituzte, 70 bat deshobiratzetan. Memoria historikoa berreskuratu eta egia ezagutzeko eginiko lan honi buruzko erakusketa jarri dute ikusgai Kultur Etxean, Elgoibar1936 taldekoen laguntzaz. Hilaren 22ra arte egongo da erakusketa bisitatzeko aukera.

 
Pako Etxeberriaren hitzaldia Elgoibarren 

Pako Etxeberria Zirardamendin lanean.

Pako Etxeberria auzi mediku eta Aranzadi zientzia elkarteko presidenteak gidatu ditu deshobiratze gehienak, eta tartean Elgoibarren egindako bi: Madariagan eta Zirardamendin. Datorren eguaztenean, irailaren 18an, deshobiratze horien atzean ezkutatzen denari buruzko hitzaldia eskainiko du Etxeberriak Kultur Etxeko hitzaldi gelan, 19:00etatik aurrera.
  • Aste honetako BARREN aldizkarian (877. zenbakia PDFan) irakur dezakezue Pako Etxeberriari eginiko elkarrizketa.

1706637351030 ‘Hildakoak hilobietatik ateraz, duintasunak berreskuratuz’ erakusketa, hilaren 22ra ar

2000. urtean Emilio Silva (kazetaria, soziologoa eta Oroimen Historikoa Berreskuratzeko Elkartearen sortzailea) Aranzadi Zientzia Elkartearekin jarri zen harremanetan, 36ko Gerran Guardia Zibilek bere aitona fusilatu zutela-eta, haren gorpua aurkitzeko laguntza eskatzeko. Urte hartako urrian 13 pertsonen gorpuzkinak deshilobiratu ziren Priaranza del Bierzon (Leon), tartean, Emilio Silva Fabarenak. Bi urte geroago, 2002ko irailean, Aranzadik lehendabiziko deshobiratzea bururatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan. Zaldibian izan zen, eta bi gizonezkoren gorpuzkinak aurkitu zituzten. Elgoibar1936 taldearekin elkarlanean, deshobiratze horien atzean dagoen guztia jarri dute ikusgai Kultur Etxean. Hilaren 22ra arte bisitatu daiteke "Duintasuna berreskuratuz" izeneko erakusketa. Erakusketa bisuala da, eta ulertzeko erraza.
Elgoibarren bi deshobiratze, oraingoz
 2008an sortu zen Elgoibar1936 taldea Elgoibarko Memoria Historikoa berreskuratzeko asmoarekin, eta haien lanari esker bi deshobiratze burutu dira Elgoibarren. Jakin badakite gehiago daudela Elgoibako inguruneetan lurperatuta, baina zehaztasun falta eta ekonomia arazoengatik, zaila ikusten dute deshobiratze gehiago egitea. Hala ere, eurak alor horretan lanean jarraituko dutela azaldu dute, duintasuna berreskuratu eta egia azaleratzeko.
Lotura duten albisteak: