Lehiakide mendaroar bat ‘101 Gaztelu’ abenturazko telebista saioan

elgoibarren.net 2013ko ira. 16a, 11:36

 
‘101 Gaztelu’ telebista saioa estreinatu zuen atzo ETB1 kateak. Julian Iantzik aurkezten duen abentura saioa Euskal Herriko 20 gaztelutan grabatu dute eta sei lagunez osatutako bi talde ikusiko ditugu lehian datozen asteetan. Talde horietako batean dago Jurdan Ezenarro mendaroarra, 31 urteko arotza.

 
 
  ‘Basetxea’ eta ‘El Conquistador del fin del mundo’ saio arrakastatsuen mamiarekin jaio dela ‘101 Gaztelu’ telerrealitate saioa jakinarazi dute ekoizleek. Horiek aurreratutakoaren arabera, proba gogorrak, baldintza latzak eta paisaia izugarri politak dira ETB1eko programazioaren apustu garrantzitsuenetako bat den saioko osagaietako batzuek.
  Sei lagunez osatutako bi talde arituko dira lehian, eta kapitain bat izango du bakoitzak, Mikel Goñi eta Manu Maritxalar, hain zuzen ere. Goñiren aginduetara dagoen Zaldunen taldean dago Jurdan Ezenarro mendaroarra. Eta, momentuz, ondo hasi du abentura berri hau, lehen atalean Maritxalarren Bilauak hartu zituzten-eta mendean Zaldunek.
 Lehiakide guztiek euren buruak aurkeztu zituzten lehen atalean. Jurdan Ezenarrok geldik egoten ez dakiela eta beti gauza berriak probatzeko prest dagoelako eman zuela izena casting-ean adierazi zuen. Ezinegon horren adibidetzat jarri zituen Mendaron egin zuten butano desafioan parte hartu -eta irabazi- zueneko aldia, eta, era berean, Mendaroko giza taldeko kidea ere badela gogora ekarri zuen. (17:50 minututik aurrera ikus dezakezue mendaroarraren aurkezpena).
 Saioko atalak grabatuta dauden arren, lehiakideek galarazita dute ezer aurreratzea. Hortaz, mendaroarra noraino iristen den jakin nahi dutenek, igandero ikusi beharko dute saioa ETB1en, edo Internetez bestela Nahieran.