Aurrera doa ‘Emadazu eskua” dokumentala, herritarren diru laguntzei esker

elgoibarren.net 2013ko ira. 18a, 13:46

 
Ezintasun neurologikoa duen neskatila baten istorioa jasoko du Zesatenjuenaz ekoiztetxeak Emadazu Eskua dokumentalean. Maier Gurrutxaga elgoibartarraren alaba Itxaso izango da dokumentaleko protagonista. Uda garaiko geldialdiaren ondoren, irailean indarrez berrekin diote dokumentalaren ekoizpenari. Era berean, Elgoibarko herritar askok eman duten laguntza eskertu nahi dute.



  Udako geldialdiaren ostean, joan zen zapatuan Deban eta Elgoibarren egin zituzten Emadazu eskua dokumentalerako zenbait elkarrizketak. Horietan parte hartu zuten Jone Urangak Itxasoren amamank, Antxon Gurrutxaga aitxitxak, Maialen Gurrutxaga izebak, eta baita Itxaso berak ere.
 Grabaketa hau bereziki garrantzitsua izan dela jakinarazi du dokumentala egiten ari den lantaldeak, aurreko batean, eguraldi arazoak zirela eta, bertan behera utzi behar izan zutelako. “Egun berean, gainera, lauak elkartu nahi genituen, eta horrek ere eman dizkigu buruhausteak! Ez beraiengatik, ez horixe! Baizik eta lan talde guztiak ere bertan egon behar zuelako”.

1706637347130 Aurrera doa ‘Emadazu eskua” dokumentala, herritarren diru laguntzei esker

1706637347256 Aurrera doa ‘Emadazu eskua” dokumentala, herritarren diru laguntzei esker

Astiro baina aurrera
 Dokumentalak aurrera jarraitzen du, marrazkiak animatzen hasita daude jada, eta beste hainbat atal aurreratu dituzte: Galdakakoko herri eskolako haurrekin eta Itxasoren eskolako haurrekin egin beharreko atalak grabatu dituzte. Produkzioa astiro doa, finantziazioa ere zail samar baitago eta lan taldearen zati handi batek beste lan batzuk dokumentalarekin uztartu behar dituelako.

5.000 euro lortu dituzte, momentuz
 “Bihotzez eskertu nahi dugu Elgoibarko herritar askok eman diguten laguntza, proiektuak harrera ikaragarri ona izan du zuen artean, eta bene-benetan horrek asko pozten gaitu”, adierazi dute Zesatenjuenaz ekoiztetxeko kideek. Orain arte 5000 euro lortu dituzte herritarren eta zenbait elkarteren bidez, eta asko poztu ditu horrek. Hala ere, beste finantziazio bide batzuk aztertzen ari direla aurreratu dute, “proiektuak aurrera jarraitu behar baitu!”. Proiektuaren jarraipenean lagundu nahi duten guztiek emaidazu eskua blogean aurkituko dute informazio guztia.
  • Irakurri hemen: BARREN astekariak (812. zenb. 2012-02-10) Emadazu eskua proiektuaren inguruan egin zuen erreportajea (PDF) 

Lotura duten albisteak:

 *Argazkiak: Goiuri Aldekoa-Otalora