Garaipen batekin estreinatu du denboraldia Concepto Egilek

elgoibarren.net 2013ko ira. 18a, 20:08

Amaitu zuen moduan hasi du denboraldi berria Concepto Egile areto futbol taldeak, garaipenaren bidetik. Joan den asteburuan jokatu zuten liga txapelketako estreinako partida Guadalajaran, Siguenza taldearen aurka, eta garaipen argia eskuratu zuten elgoibartarrek: 11-4. Datorren zapatuan jokatuko dute etxeko lehen partida, Iruñeako San Juan taldearen aurka. Partida hasi aurretik gainera, iaz lortutako liga txapelketaren garaikurra jasoko dute.

 
  Mailaz igotzeari uko egin behar izan zion Concepto Egilek iaz, ezin ziotelako lehenengo mailak eskatzen dituen gastuei aurre egin. Hortaz, bigarren mailan hasi du denboraldi berria ere. Aldaketa asko izan dira taldean. Entrenatzailea aldatzeaz gainera, jokalari dezentek laga zuten taldea eta beste horrenbeste dira taldera batu direnak. Aurten ere Liga txapelketa irabazteko faboritoen artean dago Concepto, baina horrenbeste aldaketa eta gero zalantzak zeuden nola erantzungo zuen taldeak estreinako partidan. Berritasunez aparte, denboraldiko bidaiarik luzeenetarikoa egin behar zuten, Guadalajaraino, hain justu ere. Conceptoko jokalariek kantxara atera orduko uxatu zituzten zalantza guztiak. Laugarren minutuan sartu zuen Raulek denboraldi berriko estreinako gola. Beste hamar etorriko ziren gero. Markagailuan aldea hartu zutenean lasaiago jokatu zuten gipuzkoarrek eta joko alaiagoa egiteko aukera izan zuten jokaldi landuak eta ikusgarriak eskainiz. Siguenzak lau gol bakarrik sartu zituen Conceptoren ate barruan. Markagailuan alde nabarmena zutela ikusita, jubenil mailako taldean diharduen Adrian debutarazi zuen Jota entrenatzaileak.
•Zapatuan lehen partida etxean

Concepto Egileren taldea, 2013-14 denboraldirako.

Datorren zapatuan jokatuko du Conceptok bigarren jardunaldiari dagokion partida. 19:30etik aurrera A.D. San Juan taldea hartuko du Olaizaga kiroldegian. Iruñeako taldeak ere garaipen batekin hasi du denboraldia eta garrantzi handiko hiru fitxaketa egin ostean liga irabazteko faboritoen artean daude nafarrak ere.
Era berean, Debabarrena klubeko arduradunek jakinarazi dute zabalik dagoela abonuak egiteko aukera. 50 euroko kostua du abonu bakoitzak eta opari bat jasoko du trukean.