Bertso Txapelketa Nagusiko finalerako sarrerak, Elgoibarko Izarran salgai

elgoibarren.net 2013ko ira. 19a, 12:28

Irailaren 29an abiatuko da 2013ko Bertso Txapelketa Nagusia eta abenduaren 15ean izango da finala, BECen. Elgoibarko izarrak finalerako sarrerak jarri ditu salgai. Baita egun horretarako autobuseko eta bazkariko tiketak ere. Era berean, irailaren 27ra arte dago zabalik Elgoibarko Izarraren Beinke bertso eskolan izena emateko epea. (ondoko argazkian Beinkeko ikasleek Eguberrietako bertso saioan eskaini zuten saioa).


Uxue Alberdi 2009ko bertso txapelketa nagusian.

Aste honetan aurkeztu du Bertsozale Elkarteak 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Bilbon. Irailaren 29an ekingo diote txapelketari, Villabona-Amasan (Gipuzkoa). Abenduaren 15ean izango da finala Barakaldoko BECen (Bizkaia), eta parte hartuko duten 43 bertsolarietatik zazpi sailkatuko dira finalera, 2009ko txapelketako irabazle Maialen Lujanbioz gain. Aurten ez dago bertsolari elgoibartarrik parte hartzaileen artean. Orain dela lau urteko txapelketan Uxue Alberdik hartu zuen parte eta final handiaren atarian geratu zen.
Sarrerak eta prezioak
  • Finalerako sarrera: 30 euro. Bertsozale elkarteko bazkideen (21 €) eta gazteen (6 €) sarrerarik ez dauka Elgoibarko Izarrak. Horiek www.bertsozale.com, www.bertsosarrerak.eu edo takilan erosi behar dira. 
Autobusa: 13 euro. Txankakuako geltokitik irtengo da autobusa. 
Bazkaria: 18 euro. Sarrerak erosteko azken eguna azaroaren 29a izango da. Edozein zalantza argitzeko idatzi elgoibarkoizarra@elgoibarkoizarra.com helbidera edo 943 741 626 telefonora hots egin.
∞Informazio gehiago: bertsozale.com

Beinke Bertso Eskolan izena emateko epea
 Elgoibarko Izarrak ireki du Bertso Eskolan izena emateko epea, eta interesatuek irailaren 27ra arte izango dute aukera. Orain dela bi urte jarri zuten martxan Beinke bertso eskola, bertsolaritza ezagutzeko, ahozkotasuna eta komunikazioa lantzeko eta hizkuntzarekin jolasean ikasteko, eta arduradunak "pozik" daude bertso eskolaren jardunarekin. Interesatuek 25 euroko matrikula ordaindu beharko dute. Internetez, www.elgoibarkoizarra.com webgunean eman daiteke izena, eta bestela, Elgoibarko Izarrak Ubitarten duen lokalera jo daiteke.