Iraila hasieran lagun berri bat etorri zaigu, eta Youtuben utzi digun agurrak zeresan asko eman du. Marimaistra dela esaten du berak, eta euskararekin ditugun kezkak, zalantzak eta galderak argitzera datorrela. Gaur (irailak 19) bertan hasiko da hori egiten, Goiena TBko Magazinean eta marimaistra.com blogean. elgoibarren.net atarian ere egin diogu txoko bat. Bizitza pribatua oso ondo gordetzen du Marimaistrak. Kostata, baina bere etxean hartu gaitu, galdera gutxi batzuk egiteko. Mitxelena XVI.aren irudi erraldoi baten azpian eserita hartu gaitu, adeitsu.
•Zur eta lur utzi gaitu zeure burua aurkezteko Interneten jarri duzun bideoak. Nor zara zu, Marimaistra? Nondik irten zara?
MM.- Ai, laztana, gauza asko jakin nahi dituzu zuk. Labur esateko, euskaldun zabarron laguna naiz. Laguna eta laguntzailea. Badakit jende asko bizi dela euskaraz eta euskararekin arduratuta, eta sarritan ahalegin handia ere badela. Baina kariño guztiarekin bada ere, batzuetan ez dugu hizkuntza behar bezala zaintzen, eta sekulako triskantzak egiten dizkiogu. Horiek konpontzen laguntzera nator ni.
•Laguntzera? Zer egin behar duzu ba?
Euskaldun zabar maitagarriok euskararekin dituzuen kezka, zalantza eta galdera guztiak jaso eta, pixkanaka-pixkanaka, guztiei erantzun. Eta, emakume modernoa naizenez, erantzun horiek gainera telebistaz eta internet bidez ere emango ditut. Tokiko hedabideetako webguneetan ikusi ahal izango nauzue, elgoibarren.net-en adibidez, tokiko telebistetan eta, noski, Internet bidez ere bai!
•Orduan, kontsultorio moduko bat izango duzu?
Hori da. Eta galderak bidaltzeko bideak ere moderno-modernoak dira: nire Twitter kontuaren bidez (@mari_maistra), emailez (galdetu@marimaistra.com) eta Whatsapp bidez jasoko ditut galderak, 668 889 192 zenbakian. Bide horiek guztiak zabalik daude jadanik galderak edo kezkak jasotzeko.
•Galdera mordoxka jasoko zenituen honezkero ezta? Gure etxean behintzat beti gabiltza duda-mudatan…
Bai, lan asko pilatu zait dagoeneko, baina hori ona da. Youtubeko bideoa 1.500 lagunek ikusi dute eta buruan beti jira eta buelta izaten den zalantza horiek ateratzeko balio izan du: “futbolean jolastu egiten da edo jokatu? Eta musean?”. Etxe askotan beti ibiltzen dira hizkuntzarekin duda-mudatan, eta seguru nago zuenean sortzen diren zalantzak bete askorentzat ere baliagarri izango direla. Horretan ere auzolana behar dugu!
•Eta etxean egiten dituzu grabazioak-eta? Zerorrek dena?
Ezzzz. Hirukote bat dago atzean: Leire Narbaiza, Joxe Rojas eta Iban Arantzabal. Saltsero samarrak dira hirurak, eta aspaldi zebiltzan niri lagundu nahian. Bazkaloste zoro horietako batean, animatu, eta joan izan dira Goienako platora. Hango jendearen laguntzaz da posible Ergatibo Gorenaren argia zuen pantailetaraino heltzea. Narbaizak kamera aurrekoetan laguntzen dit eta Rojasekin batera gidoiak ere egin behar izaten dira. Gero Pernan Goñi lagunak ere erretratu eder-ederrak egin dizkit... Den-Dena, hori bai, Mitxelenaren gerizpean.
•Bueno ba eskerrik asko, Marimaistra, gurekin egoteagatik. Adi-adi egongo gara ea zer gomendio ematen diguzun.
Mila esker, amante! Edonola ere gogoratu: euskararik ederrena, egin egiten dena. Barandiaranen betaurrekoek argi diezazutela bidea!!!