Liburua eskuetan duela, haur bat izatearekin eta luze jo duen haurdunaldiarekin parekatu du “liburuaren erditze prozesua” Edurne Bilbaok, Elgoibar Ikastolako lehendakariak. “Ikastolako Kontseilu Errektoreko kideek 2010eko Gabonetan jarri zuten martxan liburuaren egitasmoa, eta gaur egungo kontseiluko kideen ardurapean ikusi du argia”, azaldu zuen. Elgoibarko Udalak eta DanobatGroupek finantzatu dute liburua eta Elgoibarko Izarrak izan du liburua egiteko ardura. “Elgoibarko historian eskutik emanda joan diren bi elkarte dira Elgoibarko Izarra eta Elgoibar Ikastola. Guretzat garrantzitsua izan da biok berriz elkarlanean aritzea. Lanean jardun duen lan talde profesionalak gainera, ederki osatu du bere lana”.
Lagun askok hartu dutela parte liburuan adierazi zuen Edurne Bilbaok: “Ikastolako profesionalak, ikasleak eta gurasoak, ohiak eta gaur egungoak, eskertu nahi ditut erakutsi duten inplikazioagatik”. Ikastolako zuzendari Jabier Larrañagak eman zituen liburuaren egitura teknikoaren inguruko azalpenak. “Bi aukera aztertu genituen. Batetik, Ikastolak 25 urte bete zituenean atera zuten liburuaren jarraipena egitea, hau da, azken 25 urteen kontakizuna. Bigarren aukeraren alde egin genuen, baina, 50 urteen kontakizuna egitea, alegia. Alabaina, orain 25 urte argitaratutako liburu hura deskribatzailea bazen, bigarren honetan testigantzetan oinarritu gara”. Hori dela-eta irakurketa anitzetako liburua dela nabarmendu zuen Larrañagak, “irakurle bakoitzak gauza desberdinak topatzeko bidea ematen duelako”. Era berean, Elgoibar Ikastolaren eta, oro har, Ikastolen mugimenduaren bilakaera nolakoa izan den ikasi nahi dutenentzat erreferentziazko liburua izango dela aipatu zuen.
•Liburuaren bihotza
Jasone Osoro kazetari eta idazle elgoibartarrak jaso ditu liburuan ageri diren protagonisten bizipenak. Liburuaren bihotza hiru zutaberen gainean eraikita dagoela azaldu zuen Osorok liburuaren aurkezpenean. Historia da lehen zutabea. “Ondo kontatua egoteko istorio txikiez osatua behar du izan historiak, eta horretarako jende diferenteari, anitzari, belaunaldi desberdinetakoari eman behar zaio hitza. Gero, puzzleetan egiten den moduan pieza txiki denak dagokien lekuan batu behar dira”. Bigarren zutabea ikastolaren ekintzailetasun senari eskainia dagoela azaldu zuen Osorok eta Ikastolak erabili dituen marketin estrategiei hirugarrena. Elgoibar Ikastolakoek liburuaren promoziorako ekoiztu duten ondorengo bideoan jaso dituzte Jasone Osorok liburuaren gainean esandakoak.
•10 euroan salgai
50 urte gelak bizipenez betetzen: San Bartolome Ikastolatik Elgoibar Ikastolara 1962-2012 izeneko liburua 10 euroan jarri dute salgai Ikastolako arduradunek. Ikastolan bertan jarri dute salgai, bulego orduetan. Elgoibarko liburu dendetan ere eskuratu daiteke, Gorostizan eta Pitxintxun, hain justu ere.
•Lotura duten albisteak:
- Gabon Zahar Egunean hasiko dira Ikastolaren 50. urteurreneko ospakizunak (2011-12-22)
- Ikastola, zigilu erakusketako protagonista (2012-01-16)
- ‘50 urte, 50 mendi’ ekimena aurkeztu du Elgoibar Ikastolak (2012-03-07)
- Elgoibar Ikastolak erakusketa batean batuko du mende erdiko historia (2012-04-25)
- Elgoibar Ikastolaren 50. urteurrenari eskainia egongo da nagusien danborrada (2012-05-30)
- “Amets bat”, Elgoibar Ikastolaren 50. urteurreneko abestia (2012-06-07)
- Gelditu, gozatu eta arnasa hartu indarrez aurrera egiteko (2012-06-11)