Bizikleten bigarren eskuko merkatua egingo dute Mugikortasun Iraunkorraren Astean

elgoibarren.net 2013ko ira. 25a, 15:15

Elgoibarko Udalak antolatuta, 2013ko Mugikortasun Iraunkorraren Astea egingo da hirugarren urtez jarraian, urriaren 16tik 19ra bitartean. Antolatu dituzten ekintzen artean, bizikleten bigarren eskuko merkatua egingo dute urriaren 19an. Herritarrei euren bizikletak eta era guztietako irristailu eta patineteak saltzeko edo trukatzeko aukera emango diete. Bigarren eskuko merkatuan euren artikuluak saltzeko interesa dutenek, Udalarekin harremanetan jarri behar dute, urriaren 11 baino lehen.


 Bizikleten bigarren eskuko merkatuan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute miriam@elgoibar.net helbidean edo 943 741 050 telefonoan, saldu edo trukatu nahi duten artikulua edo artikuluak zehaztuta. Era guztietako irristailuak eta bizikletak onartuko dituzte: trizikloak, aisialdikoak, mendikoak, profesionalak… eta baita osagarriak (kaskoak, eskularruak,…) ere. Urriaren 11n amaituko da epea.

Salgaien zerrenda Udalaren webgunean
 Elgoibarko Udalak saldu edo trukatuko diren salgaien zerrenda argitaratuko du Udalaren webgunean (www.elgoibar.org), urriaren 15etik 19ra. Jendea parte hartzera animatzeko, bi bizikleta zozketatuko dituzte, bat izena ematen dutenen artean, eta bestea, zerbait erosten edo trukatzen dutenen artean. Bizikleten Bigarren eskuko merkatua urriaren 19an egingo da Lekueder parkean, 10:00etatik 14:00etara.
 Era berean, Gobike dendako Iban Gonzalezek bertara eramaten dizkioten bizikletak aztertu eta puntuan jarriko ditu, doan. Iban Gonzalez berak, bizikleta normal batetik abiatuta nola egin daitekeen bizikleta elektriko bat erakusteko saioa eskainiko du, 13:00etan, Lekuederren. Aurrekoez gainera, Emugiko bizikleta eta ibilgailu elektrikoak probatzeko aukera egongo da. Azken hori, 18 urtetik gorako herritarrei zuzendutako ekimena da.

 Bizikletaren erabilera eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko antolatu du Elgoibarko Udalak Mugikortasun Iraunkorraren Astea.
Lotura duten albisteak: