Gaur hasiko da ‘Sotoko Hotsak’ egitasmoa, Borrokan taldearen kontzertuarekin

elgoibarren.net 2013ko ira. 26a, 09:04

 
Sotoko Hotsak musika egitasmoaren barruan, hiru kontzertu antolatu ditu Sinuosek, gaurtik irailaren 28ra bitartean. Aurtengo ediziorako kartel berezia prestatu nahi izan dute. Borrokan talde beratarraren zuzeneko potentea ekartzeaz gain, Euskal Herriko mugak gainditu eta Kataluniatik bi talde berezi ekarriko dituzte, Cuzo eta Za!. Denak rockaren inguruan mugitzen badira ere, esperimentazioa edo psikodelia lantzen duten proposamenak izango ditugu entzungai.



  Egueneko kontzertua 22:00etan hasiko da, eta barixakuan eta zapatuan 23:00etan izango dira saioak. Kontzertu guztiak Kultur Etxeko sotoan izango dira.

Borrokan taldea.

Borrokan taldeak ekingo dio aurtengo Sotoko Hotsak egitasmoari. 90eko hamarkadaren erdialdean Portu zen gaur egun boskote den talde hau. 98an Museum bilduman parte hartu zuen, eta 2002an lehendabiziko lan luzea argitaratu zuen; Borrokan. 2007. urteko irailean Hitzez ulertu ezin dena omendu nahi nuke. Oraintxe! diskoa kaleratu zuten, eta aurten Zuak izeneko lana argitaratu dute. Post-Rock estiloan kokatu izan dute taldea, baina etiketa horren aurrean dibertsitatearen aldeko apustua egiten dute.
Kataluiniatik Euskal Herrira
  Barixakuan Cuzo taldearen kontzertua izango da. Black Sabbath edo Blue Cheer bezalako 70. hamarkadako rockagatik edo Goblin-egatik markatutako hasiera batetatik aldenduta, diskurtso pertsonalago batera jo dute, baina beraien erreferenteak bistatik galdu gabe. Malenkoniarako, jai girorako edo ikerketa pertsonalerako tartea eskainiko dute.

Cuzo taldea.

Za! taldea.

  Zapatuan, azkenik, Za! taldeak eskainiko du kontzertua. Bi pertsonak eta bi istrumentuk baino gehiagok osatzen dute taldea. Baxu lodiak eta distortsioak, antzinako erritmoak, freejazza, psikodelia, Tuvako artzainen kantuak, Monty Python, kapa askotako post-rocka, elektronika analogikoa eta abar entzuteko aukera izango da.

Lotura duten albisteak: