Zaloa Urain, Kokein: "Kontzertua emoteko ilusiño haundixarekin goiaz Soraluzeko TopaEgunera"

elgoibarren.net 2013ko ira. 27a, 12:12

 
Musikak tarte zabala edukiko du bihar (irailak 28) Soraluzen ospatuko den TopaEgunean. Arratsaldean Xero Xiette taldearen erromeriarekin hasi eta 22:30tik aurrera Gose eta Kokein taldeek emango dituzten kontzertuekin amaitzeko. Eibarko …eta Kitto! aldizkariak Kokein talde eibartarreko abeslaria, Zaloa Urain, elkarrizketatu du. (elkarrizketa dauka)


-Zelan jaso zenduen TopaEgunean kontzertua eskintzeko inbitaziñua?
Beste kontzertu askorekin pasatzen dan lez, egun horretan joteko aukeria beste barik sortu zan, gu ezagutzen gaittuan baten batek ez dakit zeiñ ezagutzen dabela, harek beste bat… gehixenetan gauza batek beste batera eruaten zaittu eta Soraluzen hurrengo asteburuan eskinduko dogun emanaldixa be holan lotu genduan. Edozelan be, egixa da TopaEguna antolatzen-eta ibiltzen direnetako asko ezagutzen dittugula, moduren batian esateko gertu dakaguz eta joteko eskatu zeskuenian baiezkua emoteko dudarik ez genduan euki, ilusiñuarekin onartu genduan kontzertua emoteko proposamena.


- Euskeriaren aldeko jaixan kantatziak esanahi berezirik dauka taldiarendako?

Bai, holako ekitaldixetara beti pozik juaten gara. Izan be, Kokein osatzen dogunak betidanik egon gara prest euskeriaren alde antolatzen diran jai eta ekitaldixetan parte hartzeko, gustora juaten gara holakuetara.


-Soraluzekua, gaiñera, ez da izango jai berezixeri lotuta emongo dozuen kontzertu bakarra, datorren hillian Durangon beste hitzordu berezi bat daukazue-eta…

Hala da, urriaren 19xan Landakon eta Plateruena kafe antzokixan egingo dan Deaffest izeneko jaixak kontzertu mordua hartuko dittu. Gure taldiarekin batera talde zerrenda luziak osatzen dau kartela: Berri Txarrak, Willis Drummond, Non Servium, Porco Bravo… Talde morduak batera jardutia beti da aberasgarrixa, gaiñera. Batetik, beste talde batzurengandik ikasteko aukeria emoten dau eta gure arteko hartuemonak sendotzeko lagungarrixa be bada. Eta taldien aldetik holako eskintza zabala daguanian, kontzertuak erakarritta batzen dan publikua be zabalagua izaten da. Azken batian talde bakotxak jarraitzaille tipo bat eukitzen dogu eta, alkarrekin jardutian, publikuak aurretik ezagutzen ez zittuan beste talde batzuren biharra zuzenian entzuteko aukeria dauka eta, gustuen arabera, zaletasun barrixak sortzeko bidia be badira holako makro-kontzertuak.