Ezbeharra Aiastiako jaietan

elgoibarren.net 2013ko ira. 30a, 12:52

 
Amaiera tristea izan dute San Migel jaiek Aiastian. Idi-demetan parte hartzen ari zen idi bikote batek azpian harrapatu zuen ikusleen artean zegoen adineko gizonezko elgoibartar bat, eta larri dago idiek eta harriak eragindako zaurien ondorioz.

 

  San Migel Eguna ospatu zuten atzo (irailak 29) Aiastia auzoan. Jai giroan joan zen eguna, harik eta jaietako azken ekintzan, arratsaldean egin zituzten idi-demetan, eguna beltzez tindatu zen arte. Lehen idi pareak lana bukatu zuenean jazo zen ezbeharra. Animaliak izutu egin ziren harria lagatzera zihoazen unean eta ihesari eman zioten, harri eta guzti, iltzainek bere lekutik askatzeko astirik ez baitzuten izan. Ikusleak zeuden eremuan sartu zen idi parea, eta 70 bat urteko gizonezko elgoibartarra kolpatu eta zapaldu zuten. Idiek apatxekin zapaldu zuten gizonezkoa eta arrastaka eraman zuten zenbait metrotan.

  Aiastiako auzo-alkate Juanjo Galdosek jakinarazitakoaren arabera, “lehen azterketa eginda ondo zegoela ematen zuen gizonak. Hala adierazi zuen berak ere, ez baitzuen konorterik galdu. Anbulantzia etorri zenean, baina, badaezpada ospitalera eramatea erabaki zuten”. Mendaroko Ospitalean azterketa sakonagoa egin ostean, zenbait orno apurtuta izan ditzakeela ikusi zuten, eta Donostiako Ospitalera lekualdatu zuten zauritua. "Jaso ditugun azken berrien arabera, gizona larri dago", gaineratu du Galdosek.