Iraileko azken zapatuko feria egin zen joan den zapatuan (irailak 28). Ohi duten legez, goizean goizetik Elgoibarko baserrietako produktuak erosteko aukera izan zuten herritarrek, eta eguerditik aurrera ganadu erakusketa egon zen Aita Agirre plazan. Kaleak girotzeaz kale kantariak arduratu ziren, baina ez ziren bakarrak aritu zeregin horretan, Irrien Lagunen bisita jaso baitzuten herriko umeek. Elgoibarko Udalak urriaren 7tik aurrera martxan jarriko duen elgoibar.klikbat.com webgunea herritarren artean ezagutzera ematera etorri ziren Pirritx eta Porrotx pailazo ezagunen lagunak. Asmo horretan, urdin koloreko globo mordo bat banatu zituzten herriko kaleetan.
•Talo tailer arrakastatsua
Eguerditik aurrera, berriz, talo tailerrean parte hartzeko aukera izan zuten Kalebarren plazan batu ziren lagunek. Maitane Beristain Lasturko aterpetxeko arduradunak eta Atxutxiamaikako hezitzaileek emandako aginduak jarraituz, taloak nola egiten diren ikasi zuten tailerrean parte hartu zuten neska-mutilek. Eta, amaieran gainera, eurek egindako taloa jateko aukera izan zuten, barruan txorizoa edo txokolatea sartuta.
Taloekin gosea ase ez zutenek Elgoibarko Izarrako kideek eginiko pintxoekin sabela betetzeko aukera izan zuten. Pa amb tomaquet urdaiazpikoarekin eta txorizo egosi pintxoak saldu zituzten. Eta, dirudinez, herritarren gustukoak izan ziren, saltzeko generorik gabe geratu zirela jakinarazi sutelako elkarteko arduradunek.
•ARGAZKIAK: