“Giro ezin hobean igaro genuen zapatua Soraluzera gerturatutako euskaltzaleok. Ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna zela esanaz joan ginen Soraluzera, eta halaxe egin genuen. Euskarari eta egiten dugunari, garenari, balorea emateko deia egin genuen, eta hori ere ondo beteta itzuli ginen zapatu goizaldean etxera”, azaldu dute Soraluzera joan ziren Elgoibarko Izarrako kideek.
Soraluzeko zubiaren bueltan batutako euskaltzaleek euskalduntasunari, auzolanari, plazerari, plazari eta mugimenduari balioa ematea aldarrikatu zuten eguneko ekitaldi nagusian, ibaian elkarren laguntzaz osatutako lore erraldoiaren bidez. Goizeko 11:00etako ekitaldiak eman zion hasiera Topa Egunari. Txalaparta eta adarraren doinuek bertsolari gazteen bertsoei eman zieten sarrera. Besteak beste, Maddi Mendibil gazte elgoibartarrak ere hartu zuen parte ekitaldian.
Jon Sarasuaren liburu berria ere, Hiztunpolisa, bertan aurkeztu zuen idazleak, Mikel Irizar, Joxe Angel Irigaray eta Julen Arexolaleibaren laguntzarekin. Bazkalorduan, kanturako, antzerkirako eta dantzarako tartea egon zen. Eta bazkalostean, berriz, elkarte bakoitzak bere kultur ginda eskaini zion jai egunari. Napoka Iria taldearen kontzertua, Kokein taldearen akustikoa, Uxue Alberdi eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolarien saioa, Lasarteko antzerki konpainiako lagunen antzezlana... denetik egon zen. Etxeko txikienek ere izan zuten gozamenerako tartea, Irrien Lagunei esker. Arratsaldean kalejiran batu ziren denak ibaiaren bueltan, eta ekitaldi nagusiaren ostean dantzarako tartea hartu zuten. Xero Xiete talde soraluzearrak egindako Emaiozu balorea! kantuari koreografia ere egin baitio Soraluzeko Kukumixo aisialdi taldeak.
•ARGAZKIAK:
•BIDEOA: goiena.net
∞Lotura duten albisteak:
- Zaloa Urain, Kokein: "Kontzertua emoteko ilusiño haundixarekin goiaz Soraluzeko TopaEgunera" (2013-09-279
- TopaEgunerako motorrak berotzen (2013-09-25)
- A. Unamuno: “TopaEguna euskaltzaleok batu eta ilusioa transmititzeko eguna izango da, geure eguna" (2013-09-12)
- Irailaren 28an euskaltzaleek 'TopaEguna' ospatuko dugu Soraluzen (2013-07-16)