2012.ena urte borobila izan zen Arkaitz Egaña ehiztari elgoibartarrarentzat. Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketa irabazi eta Euskadikoan hirugarren postua eskuratu ostean, Espainiako Ehiza Xehe Txapelketa irabaziz borobildu zuen urtea, 2012ko abenduaren 9an, Sorian.
Ehiza denboraldi berria ere aurrekoaren arrastotik hasi du Egañak, eta iaz lortutako garaipena errepikatu ezin izan badu ere, garaipenaren atarian geratu da 2013ko Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketan. Gipuzkoa osoko 1.000 bat ehiztarik hartu dute parte Gipuzkoako txapelketan eta 50 onenak sailkatu ziren azken saioan parte hartzeko, tartean La Union ehiza eta arrantzu elkarteko ordezkaria den Egaña. Zanbranan (Araba) jokatu zuten finala joan den domekan. Urnietako Jose Luis Toledotxiki ehiztariak irabazi zuen txapelketa, bederatzi eper ehizatuta. Esan bezala, bigarren postua Arkaitz Egañarentzat izan zen; 6 eper harrapatu zituen. Hirugarren postuan Iñigo Gisasola eibartarra sailkatu zen bost eperrekin.
∞Lotura duten albisteak: