Igon Manzisidor gailendu zen San Migelera VII. Korrika Igoeran

elgoibarren.net 2013ko urr. 1a, 18:26

 
Hainbat dema eta proba jokatu ziren joan den asteburuan Aiastiako San Migel jaien barruan. Domekan korrika igoeran hartu zuten parte 27 lagunek, tartean bi emakumezkok, eta orain dela bi urte gertatu zen moduan, Igon Manzisidor debarra izan zen azkarrena. (proba eta demetako emaitzak eta argazkiak dauzka)



1706637313279 Igon Manzisidor gailendu zen San Migelera VII. Korrika Igoeran

12:00etan irten ziren korrikalariak Kalegoen plazatik, eta Igon Manzisidor izan zen Murkaikupe frontoirainoko dauden bost kilometroak egiten azkarrena. Debako antxitxikariak 20 minutu eta 28 segundotan osatu zuen ibilbidea. Jorge Gonzalez ailegatu zen helmugara bigarren postuan, 21:50 denborarekin eta Ivan Murua sailkatu zen hirugarren postuan, Gonzalezengandik bi segundora. Emakumezkoei dagokionez, Ainhoa Lendinez izan zen azkarrena, 27:26 denborarekin.

Manuel Gorriti nagusi artzain txakur  txapelketan
Euskal Herriko arraza libreko artzain txakur txapelketa jokatu zuten zapatuan zortzi artzain eta zortzi txakurrek. Manuel Gorritik eta Nere txakurrak lortu zuten puntuaziorik altuena (373 puntu) eta, honenbestez, Euskadiko txapela. Mikel Aizpurua eta Suker txakurra eta Peio Pagadizabal eta Lantz sailkatu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Irujo txakurrarekin parte hartu zuen Jose Antonio Arrillaga auzoko artzaina sailkatu zen laugarren postuan.

  Bolo txapelketa ere egin zuten auzoko bolatokian eta Atxurik irabazi zuen saioa sei txirlo botata. Kepa Arrizabalaga sailkatu zen bigarren postuan,  bost txirlo bota ostean, eta bera izan zen lehen auzotarra.

  Azkenik, domeka arratsaldean idi-demak jokatu ziren, baina amaiera tristea izan zuten jaiek, parte hartu zuen idi-pare batek ikusleen artean zegoen gizonezko bat harrapatu zuten-eta azpian. Ezbeharra saioaren hasieran izan bazen ere demekin aurrera jarraitu zuten eta Pako Epiolaren idi pareak lortu zuen garaipena, 51 plaza, zinta bat, hiru metro eta 90 zentimetroko markarekin. Soarteren idi parea ez zen urruti ibili, 51 plaza egitera iritsi ziren-eta. Azkenik, Sistiagaren idi pareak 49 metro, 2 metro eta 50 zentimetroko marka ezarri zuen.

Zekorraren zozketa
  Auzotarrek jaien barruan egin duten zekorraren zozketan, bestalde, 5391 zenbakia izan da saritua. Zenbaki hori daukanak hamabost eguneko epea dauka saria jasotzeko: txekorra bera edo txekorraren balioa dirutan (1.300 euro). Ordezko zenbakia: 1886 
 
ARGAZKIAK: