Canfranc-eko kilometro bertikala ere Larizentzat

elgoibarren.net 2013ko urr. 2a, 12:08

Kilometro bertikaletan espezialista handia dela erakutsi du Iñigo Larizek azken urteotan, zerbaitegatik da Euskal Herriko Kilometro Bertikalen zirkuituko egungo txapelduna eta, gainera, denboraldi honetako liderra. Euskal Herriko mugetatik kanpo egiten diren kilometro bertikaletan ere arrastoa lagatzen ari da, ordea, Lariz. Fuente Dé-koa irabazi zuen lehenik eta Canfranc-eko kilometro bertikala irabazi berri du orain.



  Canfranc-eko kilometro bertikala aspalditik zuela “begiz jota” aitortu du Iñigo Larizek. 3,8 kilometroko ibilbidean 1.110 metro igo behar zituzten parte hartzaileek, hau da, %29ko batez besteko pendiza gainditu behar zuten. Aldapa pikoez gainera, badu beste zailtasun bat Canfranc-eko probak: garaiera. Itsasmailatik 1.330 metrotara dagoen Col de Ladronesetik irteten dira parte hartzaileak eta 2.449 metroko garaierara dagoen El Porte-ko gailurrean dago helmuga. “Ezaugarriok ikusita ez zen zaila asmatzen lasterketa gogorra izango zela”, adierazi du Larizek. Eta halaxe izan zen. Gainera, eguraldiak ez zuen batere lagundu. “Eguraldi eskasa izan genuen hasieratik bukaerara. Irteeran 11 gradu eta euria. Helmugan, berriz, ia ia elurra. Mendian horrenbeste erabiltzen den ISO 0-a 2600 metroan ezarri zuten eta gu 2450 metrora iritsi ginen. Hotz egiten zuen benetan baina nik nahiago izaten dut horrelako giroa bero zapa baino”.

1706637312241 Canfranc-eko kilometro bertikala ere Larizentzat

1706637312361 Canfranc-eko kilometro bertikala ere Larizentzat

Erlojuaren aurka aritu ziren
  Guztira 39 lagun batu ziren irteeran. Korrikalari gutxi baina izen eta kalitate handikoak. Erlojuaren aurka egin zuten lasterketa, banan-banan irtenda minutu bateko aldeaz. “Irteeren hurrenkera zozketa bidez antolatu zen eta ondorioz ezinezkoa zen besteen erreferentzia izatea”, argitu du Larizek. Alabaina, erreferentziarik gabe ere primeran moldatu zen korrikalari elgoibartarra, eta berak egin zuen guztien artean denborarik onena: 46 minutu eta 18 segundo. Kiko Navarro Aragoiko korrikalaria sailkatu zen bigarren postuan, Larizengandik 26 segundora. Wilfred Jumere frantziarra sailkatu zen hirugarren postuan (46:51). 
“Oso lasterketa polita iruditu zitzaidan, mendi-mendikoa eta ederki gozatu nuen lainoek inguruko mendien ikuspegia estali baziguten ere”, esan du Larizek.
Anbotoko kilometro bertikala, urriaren 12an
 Larizen hurrengo erronka Open Lafuma Euskal Herriko Bertikalen Zirkuitoko hirugarren eta azken proba, VI. Anboto Kilometro Bertikala, izango da, urriaren 12an. Orain arte lortutako emaitzei erreparatuz gero, iaz lortu zuen tituluari eusteko aukera handiak ditu. Lehren bi probak jokatu eta gero bera da zirkuituko liderra. Sailkapenak
  1. Iñigo Lariz…………….  46:18
  2. Kiko Navarro………….  46:44
  3. Wilfrid Jumere…………  46:51