Gaur hasi eta hilaren 7ra arte luzatuko dira Errosario kaleko jaiak

elgoibarren.net 2013ko urr. 2a, 14:20

 
Ama Birjinari lorak eskainiz hasi dira gaur eguerdian Errosarioko Ama Birjinaren omenezko festak Errosario kalean. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, txokolate jana egingo da Jai Alai taberna parean. 

 
 

 Errosario kaleko jai batzordeak egitarau zabala prestatu du Errosarioko Ama Birjinaren omenezko festetarako. Hala, urriaren 3rako sokamuturra antolatu dute Arno ganadutegiko zezentxoekin. 17:30ean hasiko da.
 Barixakuan, hilaren 4an, berriz, Kiribilka egitasmoko izarra den Kiribil barraskiloak bat egingo du Errosario kaleko jaiekin eta jai giroan ailegatuko da Kalegoen plazara (18:00). Ondoren, 19:00etan, Mauxitxa txarangakoek buruahandiekin batera egingo duten kalejira hasiko da. 19:30ean Munduko IV. Igel-toka txapelketa jokatuko dute. Amaieran, 20:00ak aldera, luntxa eskainiko dute kalean bertan.
 Zapaturako bi ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, Pello Arrietak hitzaldia eskainiko du “Elgoibar ezagutzen: kasko historikoa” izenburupean. Herriko ondarea ezagutzera emateko asmoz, zenbait elgoibartarrek sortu berri duten Elgoibar Ondare Kulturala taldearekin elkarlanean antolatu dute hitzaldia. 12:00etan hasiko den. Bestetik, 13:00etan, giza proba erakustaldiak egingo dituzte, gizon zein emakumeek, Kalebarren plazako probalekuan.
 Domekan, ezpata dantza eskainiko du Haritz dantza taldeak, bosgarren urtez jarraian. Duela 500 urteko tradizioa da Haritzekoek 2009an berreskuratu zuten ezpata dantza.
  Azkenik, urriaren 7an, Errosarioko Amabirjinaren egunean, errosarioa eta mezaren ostean, 20:00etan, salbea abestuko dute amabirjinaren irudiaren azpian.