Gazteen aisialdi ohiturak aztertzeko bigarren formazio saioa urriaren 9ra atzeratu dute

elgoibarren.net 2013ko urr. 3a, 09:59

Gazteen aisialdi ohiturak aztertzeko jarri zuen martxan Udalak Gaztemapping egitasmoa, Manahmana enpresaren laguntzaz. Uda aurretik egin zuten egitasmoaren aurkezpena, eta gazteen behaketa lanarekin hasi dira orain. 30 gaztek beste 30 gazte behatuko dituzte, aisialdi ohiturak aztertzeko. Hori guztia prestatzeko bi formazio saio aurreikusi dituzte. Lehenengoa irailaren 26an egin zuten eta bigarrengoa gaurko, urriak 3, aurreikusita bazegoen ere, datorren asteko eguaztenera, urriaren 9ra, atzeratu dute.


 13 eta 30 urte bitarteko gazteen ohiturak ezagutu nahi dituzte, gazteentzako aisialdi eskaintza hobetu ahal izateko. Ikerketa honetan gazteak izango dira protagonistak, bai ikertzaileak eta baita ikertuak ere. 30 profil desberdin egituratu dituzte arduradunek, eta profil horiek betetzen dituzten gazteen aisialdi ohiturak ezagutu nahi dituzte.

 Behaketa prozesua bi astean zehar egingo dute. Lanetik edo eskolatik kanpoko orduetan dituzten ohiturak jasoko dituzte, eta horren arabera aterako dituzte ondorioak. Hori guztia prestatzeko izango da urriaren 9an egingo duten formazio saioa. 18:00etatik 20:30era, IMHn.
Partaide bakoitzari esplorazio kit bat banatuko diete, eta horri esker, tresna desberdinak probatu ahal izango dituzte. Ekimen honetan parte hartu nahi duen gazteren batek kit hori aldez aurretik eskuratu nahi baldin badu, Aitor Guisasolarekin harremanetan jarri beharko du (aitor@manahmana.com)

 Formazio saioen ostean, hogei boluntariok beraien parekoak diren gazteen aisialdia ikertzen jarraituko dute. Urrian arituko dira zeregin horretan. Gero, azaroan, bildutako datuen analisia egingo dute, eta abenduan aurkeztuko dute gazteen aisialdi ohiturei buruzko diagnosia.
 Elgoibarko Udaleko Gazteria Saileko arduradunek Gaztemapping egitasmoan parte hartzera animatu nahi ditu gazte elgoibartarrak. GazteMapping egitasmoak Facebook-eko orrian sortu den ekitaldian sartu eta bertan eman daiteke izena: https://www.facebook.com/pages/GAZTE-Mapping/548543298514656?ref=ts&fref=ts