Elgoibarko kasko historikoa hobeto erakutsi eta ezagutaraziko du Pello Arrietak zapatuan

elgoibarren.net 2013ko urr. 3a, 11:50

Elgoibar Ondare Kulturala taldea sortu dute hainbat elgoibartarrek, herriko ondarea ezagutzera emateko asmoz. Horretarako, bi irteera antolatu dituzte urrirako. Urriaren 5ean izango da lehenengoa, Errosario kaleko jaien barruan. Pello Arrieta irakasle eta historiagile elgoibartarraren laguntzaz, Elgoibarko kasko historikoa hobeto ezagutzeko ibilaldia egingo dute.


1706637310904 Elgoibarko kasko historikoa hobeto erakutsi eta ezagutaraziko du Pello Arrietak zapatu

Elgoibarko kasko historikoa hobeto ezagutzeko interesa duten lagunak 12:00etan batuko dira Kalebarren plazan, eta Errosario kalea, Kalegoen plaza eta San Bartolome kalea zeharkatuko dituzte Pello Arrietaren azalpenak entzuten dituzten bitartean.


Kalamuako eta Akondiako Lubakiak

Aginte postua Kalamuan, 36ko Gerran.

Urriaren 19an, bestalde, Kalamua eta Akondia inguruetara egingo dute irteera. 36ko Gerran aditua den Jon Etxezarraga izango dute bidelagun, eta hango lubakiak eta aztarnak ezagutuko dituzte. Gerra zibilean, 1936-1937 bitartean, Kalamua-Akondia inguruan egon zen frontea. Gipuzkoa frankisten esku; Bizkaia Errepublikazaleen esku. Zazpi hilabetez borroka latza egon zen Elgoibar inguruko mendietan.
  Irteera hau Morkaiko mendizale elkartearen laguntzaz antolatu dute. 8:30ean batuko dira Aita Agirre plazan. Autoz joango dira Arrateraino, eta handik ekingo diote oinezko ibilbideari. Interesatuek izena eman beharko dute Morkaikoren egoitzan, urriaren 17rako. Informazio gehiagorako morkaiko@morkaiko.net helbidera idatzi daiteke.
 
*Erretratu zaharra: requetes.com/navarra